Ermuak Haur eta Gazteen Komiki Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du

26.03.21
Udal Liburutegia

Ermuko Udalak, Udal liburutegiaren bitartez, haur eta gazteentzako Komiki Lehiaketa antolatu du bigarren aldiz. Narrazio-genero horren irakurketa eta sormena sustatzeko urteko kanpainaren barne kokatzen da deialdia.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. Mailako, Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. mailako ikasle ermuarrek parte hartu ahal izango dute ekimen honetan, eta ikasturte bakoitzak kategoria bat osatuko du. Parte-hartzea bakarkakoa izango da, eta pertsona bakoitzak lan bat soilik aurkeztu ahalko du.

Bigarren edizio honetako gaia aniztasuna izango da, Ermuko Haurren Kontseilua osatzen duten San Lorenzo ikastetxeko haurren proposamenari jarraiki. Pertsonaia protagonistak eta istorioa originalak, norberak sortuak eta inoiz argitaratu gabeak izango dira. Ezingo dira pertsona errealen izen-abizenak aipatu, ezta indarkeria, sexismoa, arrazismoa edo tolerantziarik gabeko bizikidetza eragiten duten edukiak agertu ere. Lanak euskaraz, gaztelaniaz nahiz testurik gabe aurkeztu daitezke.

Teknika ere librea izango da, eta zuri-beltzean edota koloretan egin ahalko dira lanak. Luzera aldetik, A4 tamainako orri bat edo bi entregatuko dira, paperean.

Epemuga: apirilak 26

Lanak aurkezteko epea zabalik dago, eta apirilaren 26an, astelehena, amaituko da. Gutunazal handi batean sartu beharko dira obrak, kanpotik titulua jarrita baina datu pertsonalik gabe. Horren barruan, beste gutunazal itxi eta txikiago batean, egilearen izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta ikastetxea sartuko dira, eta kanpoan titulua jarriko zaio horri ere. Guztia Udal liburutegian entregatu ahalko da, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 20:30era.

Lanak aztertuko dituen epaimahaian liburutegiko langileak eta Martin Azpilikueta eta Kike Infame komiki adituak egongo dira. Euren erabakia apirilaren 30ean iragarriko da.

Kategoria bakoitzeko sari bat banatuko da. Lehen Hezkuntzako irabazle bakoitzak marrazteko materiala eskuratuko du, eta Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako garaileek, aldiz, kablerik gabeko aurikularrak. Guztiek euren ikastetxeentzako komiki sorta bat ere jasoko dute.

Irabazleek Udal liburutegiari lagako diote lana argitaratzeko eskubidea, egokitzat jotzen dituen bitarteko eta formatuetan. 2021eko maiatzetik aurrera egileek askatasun osoa izango dute lanak komenigarri iruditzen zaien moduan erabiltzeko. Sariak banatzen direnetik, partaideek 15 eguneko epea izango dute lanak berreskuratzeko;  bestela deuseztatu egingo dira.

Lehiaketan parte hartzeak oinarriok onartzea dakar. Lehiaketa ondo joan dadin, antolatzaileek nahi beste aldaketa egin ahal izango dituzte.

Lotutako albisteak

Imagen
14.05.25
'Las maravillosas olvidas' tituluko poesia erretaldia

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.
Imagen
Ipuin kontaketa saioa antolatu du Liburutegiak
06.05.25
Denboraldiko azken "Arratsaldean Kontu Kontari" ipuin saioa

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean
Imagen
05.05.25
Adin guztietarako mahai-jokoen azken tailerra

Maiatzaren 15eko saiorako izen emateak zabalik daude. Saioa 17:30etik 19:30era egingo