‘Un efecto óptico’ eta ‘Los Estados Unidos contra Billie Holiday’, Ermua Antzokiko zine programazioan
Apirila amaitzear dugu jada, eta Ermua Antzokiak lau pelikula berri aurkezten dizkigu hilaren azken aurreko aste honetan gozatu ahal izateko. Programazioa bihar, osteguna, hasiko da zineklub saioarekin, eta bertan ikusgai izango dugu La Gomera film errumaniarra. Cristi polizia eta, aldi berean, mafiaren salataria da. Errumaniatik La Gomera uhartera joango da, gomerako txistua ikastera; izan ere, bere herrialdean poliziaren zaintzapean dago, eta Kanariar Uharteetako antzinako komunikazio tresna erabiliz, mafiarekin kontaktuan jarraitu nahi du. Horrela, Zsolt kartzelatik ateratzea lortu nahi du, 30 milioi euro non dauden ezkutatuta dakien pertsona bakarra baita. La Gomera ostegunean emitituko da 19:00etatik aurrera, azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Programazio komertziala larunbatean hasiko da, 19:00etan, Un efecto óptico komediaren lehen emanaldiarekin. Carmen Machi eta Pepón Nieto dira Juan Cavestanyren obra honetako protagonistak, eta Teresa eta Alfredo Burgosko senar-emazteak interpretatzen dituzte, New Yorkera joan direnak "deskonektatzeko" eta gidan datozen plan guztiak egiteko asmoz. Baina lurreratu bezain laster, seinaleak ikusten hasi dira, sotilak eta ez hain sotilak, eta benetan ez daudela agentzian saldu zieten hirian sinestera iritsiko dira. Non daude orduan? Un efecto óptico astelehenean ere eskainiko da, 19:00etan.
Asteko bigarren film komertziala Los Estados Unidos contra Billie Holiday izango da, jazz abeslariari buruzko biografia drama. Izan ere, Billie Holiday ospetsuak, garai guztietako jazz interpreterik onenetakoak, mundu guztiko zaleen maitasunaz inguratuta igaro zuen bere karreraren zatirik handiena. Bitartean, Estatu Batuetako Narkotikoen Departamentu Federalak Jimmy Fletcher agente federalak zuzendutako ezkutuko operazio baten bidez helburu bezala ezarri zuen, Billierekin erromantze zalapartatsu bat izan baitzuen. Andra Day, Trevante Rhodes eta Natasha Lyonne dira Lee Danielsek zuzendutako drama honen protagonistak, eta igandean eta asteartean izango da ikusgai 19:00etatik aurrera.
Haurrentzako zinemari dagokionez, igandean 17:00etan Tom eta Jerry eskainiko da. Animazioaren historiako lehiarik maiteenetako bat berpiztu egingo da Jerry New Yorkeko hotelik onenera joaten denean "mendeko ezkontzaren" bezperan. Ondorioz, ekitaldiaren planifikatzaile desesperatua Tom kontratatzera behartuko du, sagua handik bota ahal izateko. Filma euskarara bikoiztuta emitituko da.
Informazio gehiago, Ermua Antzokiaren mikrositean.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan