Amaitu da komikiaren irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina

10.05.21
Udal Liburutegia

Ermuko Udal liburutegiak amaitutzat eman du komikien genero artistiko-literarioaren irakurzaletasuna suspertzeko aurtengo kanpaina. Oraingoan, zazpigarren urtez jarraian, liburutegiko komiki aleen eta ‘komikitekako’ irakurle kopurua handitzea lortu du.

Otsailetik apirilera bitartean izan da abian kanpaina, eta ekimen desberdinak burutu dira:

  • Berrikuntzetan egindako inbertsioa

Kanpaina hauek hasi aurretik, komikitekako funtsak liburutegiko bildumaren %1,4a osatzen zuen. Egun, liburuen %4,9a genero horretakoa da. Adin-tarteka, 929 komiki daude helduentzako atalean, 210 gazteentzako komikiak dira eta 746 haurrentzakoak. Bilduma liburutegiko sarreran kokatu da, eta aurten jada 388 mailegu egin dira.

  • Tailerrak

Herriko ikastetxeetan komikien ilustrazioaren inguruko zazpi tailer burutu dira. Bertan, Lehen Hezkuntzako 5. mailako eta DBHko 4. mailako 138 ikaslek hartu dute parte. Saioak Arte Ederretan Graduatua eta marrazkilaria den Martin Azpilikuetak dinamizatu ditu.

  • Zozketak

Hilero genero honetako liburuak maileguan eraman dituztenen artean egileak dedikatutako komikiak zozketatu dira. Oparitutako komiki batzuk Kike Infameren Morirse en Bilbao eta Artur Laperlaren Superpatataren jatorria izan dira.

  • Komikien irakurketa plana

Ikasturtearen hasieran, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei proposatu zitzaien euren ikasle guztiek komiki bat gutxienez irakurri ahal izatea. Ermuko Udal liburutegia arduratu da gela osoko ikasle guztiei titulu berdinaren behar beste ale lortzeaz. Horrela, guztira, 39 lan desberdinetako 998 ale irakurri dira gaur arte.

  • II komiki lehiaketa

Haurrei eta gazteei zuzendutako komiki lehiaketaren bigarren ediziora guztira 28 lan aurkeztu dira.

  • Irakurketa kluba

Aurreko guztiaz gain, eta hirugarren urtez jarraian, urritik maiatzera bitartean, hilero, pertsona helduentzako komiki-irakurketa kluba bildu da, Kike Infame marrazkilariak dinamizatuta, eta zortzi pertsonak parte hartu dute.

Liburutegiko langileak pozik daude komikiak eta album ilustratuak irakurtzeko zaletasunak gora egin duelako udal zerbitzu honetako bazkide diren ermuarren artean, eta batez ere Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, azken urteotan helburu horrekin garatzen ari diren ekimenen ondorioz.

Lotutako albisteak

Imagen
23.02.26
Liburutegiak haurrentzako tailer berria antolatu du eta izen-emateak ireki

'Natura zure eskuan' titulua du eta izen-emateak martxoaren 2ra arte zabalik
Imagen
20.02.26
Kulturak XXXII. Ermua Hiria literatur lehiaketa deitu du

Lanak maiatzaren 3ko 23 orduak arte aurkeztu ahal izango dira
Imagen
12.02.26
Tailerrak, zozketak eta erakusketak ardatz izango dira komikiaren hiruhilekoan

Otsailetik apirilera komiki eta nobela grafikoak sustatuko dira irakurketa material gisa