'Ez Dok Ero', ibilbide zoro eta dibertigarria antzokietatik
Euskal Herriko antzoki batean, zeinaren izena ez dudan gogoratu nahi… Mikelote eta Pantxo aspaldiko bikote artistiko arrakastatsuarekin topo egingo dugu. Euren formula xahutu da, ordea, eta komikoen belaunaldi berrien aurrean lekua galdu duten honetan, eszenatokiak uzteko ordua iritsi da.
Pantxok ondo barneratuko du behartuta hartutako erretiroa; aspalditik zuen antzerkiaren mundu ero horretatik urruntzeko gogoa, bizimodu normalizatu, lasai, zentzuduna nahi baitzuen. Baina Mikelotek ez du onartzen amaiera iritsi izana. Antzerkiaren pozoiak bere erraiak astintzen ditu, eta pozoi horrek eromenera eramango du.
Egun batean, Mikelotek, antzerkigile ibiltari liluragarriak, bere burua aurkeztuko du Pantxoren aurrean, elkarrekin bidea egitera gonbidatzeko, Euskal Herri osoan zehar, herriz herri, euskal antzerkiak "behar dituela" sinetsita. Ibilbide mundial horretan korapiloak izango dituzte eta Mikeloteren irudimen biziak itxuragabetutako pertsonaia harrigarriak ezagutuko dituzte.
Hauxe da Tartean konpainiaren Ez Dok Ero antzezlanak aurkezten digun istorioa. Errealitatean errotutako fikziozko lana da, eta auto-fikzio honek Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreei beren buruaz, antzerkiaz, kulturaz eta euskal gizarteaz barre egiteko balio die, ironia handiz eta errukirik gabe.
Lan honen inspirazio nagusia literatura unibertsaleko bi arketipo izan dira: On Kixote eta Sancho Panza. Mikeloteren pertsonaiak asko du Mantxako zaldunetik, bere idealismo absolutuarekin, ongia egiteko eta loria lortzeko bultzada geldiezin baten jabe, baina errealitatearen interpretazio eszentrikoarekin. Pantxok, berriz, Kixoteren lagun leial, pragmatiko, errealista eta irudimenik gabea gogorarazten digu. Funtsean, bata bestea bezain eroa.
Ez Dok Ero antzezlana Ermua Antzokian izango da ostiral honetan, maiatzaren 14an, 19:00etan. Ikuskizuna euskaraz da osorik. Sarrerak 10 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean eta Kutxabanken webgunean.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean