Haurren Kontseiluak helburuak beteta eta erronka berria jasota esan dio agur ikasturteari

27.05.21
IV Consejo de la Infancia - IV. Haurren Kontseilua
Hezkuntza

Haurren Kontseiluaren laugarren edizioa gaur, maiatzak 27, amaitu da, Orbe Kardinala plazan egin den azken saioarekin. Ermuko aholkularitza-organoa osatzen duten haurrak Juan Carlos Abascal alkatearekin bildu dira, azken zortzi hilabeteetan udalerriaren hainbat alderditan egin duten lana erakusteko.

Tazebaez tokiko enpresako Juan Zubiaurre dinamizatzailearen laguntzarekin, kontseilari txikiek urritik hasita ikasturte honetan eman dituzten pauso guztiak azaldu dizkiote alkateari, esku artean izan dituzten erronkak garatu ahal izateko. Horrela, euren lanari esker, udal igerilekuan jolas eta material berriak erostea ahalbidetu da, eta aniztasunari buruzko komiki-lehiaketa ere antolatu da, besteak beste.

Era berean, oraindik gauzatu ezin izan diren arren, interesgarritzat jo dituzten hainbat ekimen aurkeztu dituzte haurrek, hala nola, liburutegian eskulanetarako gune bat prestatzea, tokiko ikasleen artean kargatzeko moduko boligrafoak banatzea edo Goiko eta Forjako jolas-guneak estaltzea.

Ikasturtean zehar egindako lanak aurkeztu ondoren, parte-hartzaileek Haurren Kontseiluaren hurrengo ediziorako erronka hautatzeko aukera izan dute. Aurkeztutako hiru proposamenak ibaien eguna ospatzea, Joko Eguna antolatzea eta Ermura iristen diren biztanle berriei ongietorria egiteko kartela osatzea izan dira. Bozketa azkar baten bidez, kontseilari guztien proposamenik gogokoena Jokoaren Eguna antolatzea izan da, eta, beraz, erronka horretan lan egingo da Haurren bosgarren Kontseiluan.

Ikasturte osoan zehar egindako lan ona eskertzeko, alkateak opari batzuk eman dizkie parte-hartzaileei, eta euren ikaskideen artean banatzeko erregaluak ere jaso dituzte.

Lotutako albisteak

Imagen
01.12.25
I. Gabonetako Postal Lehiaketaren emaitza erabakita

LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
IX. Haurren Kontseiluko kideak, adineko pertsonak eta udaleko teknikariak liburutegiko sarreran | El IX Consejo de la Infancia con personas mayores y técnicos/as del ayuntamiento en la entrada de la biblioteca
19.11.25
Ermuko Haurren Kontseilua, Errekalden bisitari

12 kontseilari txikiek txangoa egin dute Errekalde auzora, aurtengo erronka burutzeko informazio gehiago jasotzeko