Bost berrikuntza-proposamenekin amaitu da Pro IoT proiektua

28.05.21
Ekonomi Sustapena

Uni Eibar-Ermua, Armeria Eskola eta Mondragon Unibertsitateko bost ikasle taldek Pro IoT ekimenaren barruan garatu dituzten berrikuntza proiektuak aurkeztu dituzte ostiral honetan. Ermuko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak bultzatu eta finantzatu dute proiektua.

Teresa Laespada Foru Diputatua, Juan Carlos Abascal Ermuko alkatea eta Josu Ansola Ermuko Udaleko Garapen Ekonomikoko zuzendaria izan dira Pro IoT proiektuaren itxieran, Izarra Centre eraikinean. Azken asteetan programa honetan parte hartu duten ikasleek inguruko enpresetan sortzen diren gabeziak edo arazoak konpontzeko proiektu berritzaileak sortzen eta abian jartzen lan egin dute.

Uni Eibar-Ermuko Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa, Mondragon Unibertsitateko LEINN Lidergo ekintzaile berritzaileko Gradua eta Armeria Eskolako Fabrikazio Mekanikoko Diseinua, Telekomunikazio eta Informatika Sistemak eta Fabrikazio Mekanikoko Ekoizpenaren Programazioa ikasten duten ikasleek diziplina anitzeko bost talde osatu dituzte honako irtenbideak prestatzeko:

  • Berogailuak martxan mantentzeko butanoa aldatzea beharrezkoa denean, abisuak bidaltzeko sistema
  • Produkzio-prozesuaren kontrola eta stocken kudeaketa
  • Dokumentu-edukiontzien bilketa optimizatzea
  • Ebaketa-likidoaren deposituen betetze-kontrola
  • Makinen geldialdiak monitorizatzea, erregistratzea eta bistaratzea

Parte-hartzaileek euren proiektuak aurkeztu dituzte irtenbideak sortu ahal izateko eman dituzten pauso guztiekin, eta erakustaldi praktikoak egin dituzte beren sorkuntzek nola funtzionatzen duten ikusteko.

Elon Smart Tech tokiko enpresa teknologikoak lagundu eta tutoretza eman die talde horiei azken asteetan, eta Tazebaez eta Ai!Ene enpresen laguntza ere jaso dute ekintzailetzaren arloko prestakuntzan, negozio-proiektuen sorkuntzan eta design thinking atalean.

Pro Lab IoT ekimenak jarraipena ematen dio iaz Aldundiak babestu zuen Ekintzailetza Digitaleko Programa Integratuari (PIED), eta IoTBASQUE Izarra Lab proiektuari lotutako enpresa-ekimenen sorrera dinamizatu nahi du. Horrela, Ermuko Udalak arlo ekonomikorako dituen bi helburu estrategikori erantzuten zaie: talentua erakartzea eta industriaren kualifikazioa.

Azpimarratzekoa da IOTBASQUE Izarra Lab, Ermuko Udalak eta Gaia Klusterrak – sektoreko 260 enpresa baino gehiago biltzen dituen Euskadiko Ezagutzaren eta Teknologia Aplikatuaren Industrien Elkartea – bultzatua, IoT soluzioak erakusten dituen laborategia dela Izarra Centren, eta Ermua IoT industriaren eta berrikuntzaren nazioarteko mapan kokatu ahal izango duela. Gune horrek soluzioen katalogo bat eskainiko du, hiriei eta enpresei beren baliabideen kudeaketan lehiakorragoak eta eraginkorragoak izateko aukera emango diena. Horrela, gai izango gara eskaria hobeto aztertzeko, kasu praktikoak ezagutzeko eta horrelako irtenbideek ekar ditzaketen onurak eta abantailak ikusteko.

Lotutako albisteak

Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat
Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik