Ermuko Udalak UNICEFen Haurren Laguna den Hiria zigilua eskuratu du
Haurren Lagunen Hirien Idazkaritza Iraunkorrak UNICEFen Haurren Laguna den Hiria aitorpena eman dio Ermuko Udalari, 2021-2025 deialdiaren barruan. Zigilu horrek tokiko gobernuak, beste gizarte-eragile batzuekin lankidetzan, haurren eskubideak babesteko eta betetzen direla bermatzeko egiten duen lanari balioa ematen dio. Halaber, biztanleriaren zati horren errealitatea eraldatzen duten ongizate-politikak ezartzeko etengabeko prozesu baten buru izateko konpromisoa aitortzen du.
UNICEFek adierazten duen moduan, Haurren Lagun diren Hirien Sareko parte izateak ikuspegi bera partekatzea eskatzen du: haur eta nerabe orok bere hiri eta komunitateetan erabat garatzeko aukera izatea, haurtzaroaren aurrerabidea guztiontzat aurrerapausoa baita.
Haurren Lagun diren Hiriak hiru ardatz nagusitan oinarritzen dira: haurrak tokiko politiken erdigunean jartzea, haurren eta nerabeen parte-hartzea eta tokiko eragileen arteko aliantzak. Haurren Laguna den Hiria izateak esan nahi du Tokiko Gobernuak konpromisoa hartzen duela ekimenaren bost helburuak lortzeko:
- Haur bakoitza modu justuan tratatzen, baloratzen eta errespetatzen da euren komunitateetan.
- Ume bakoitzaren ahotsa, beharrak eta lehentasunak entzun eta kontuan hartzen dira araudi eta politika publikoetan, aurrekontuetan eta eurengan eragina duten erabaki guztietan.
- Kalitatezko oinarrizko zerbitzuetara jo dezakete haur guztiek.
- Ume guztiak inguru seguru eta garbietan bizi dira.
- Haur guztiek familia bizitzaz, jolasaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera dute.
UNICEFen aitorpena jaso ahal izateko, Ermuko Udalak haurren eta nerabeen diagnostiko sakona eta datozen urteetarako plana egin ditu. Bertan, 7 eta 16 urte bitarteko 373 haurrek eta 26 udal-teknikarik parte hartu dute galdera sorta bati erantzunez, beren iritzia eman eta udalerriko egungo egoeraren "argazki" fidagarria egin ahal izateko.
Aldi berean, bi urte baino gehiagoz, Ermua Hiri Hezitzailea taldeak egoeraren azterketa zehatza egin du UNICEFeko teknikari batekin koordinatuta, eta tokiko gobernuak gauzatzen dituen haur eta gazteen baliabideak, programak eta ekintzak islatu ditu. Adierazleen bidez, kolektibo horrek gure udalerrian duen egoerari buruzko informazio kuantitatiboa bildu da, eta haurren eta nerabeen tokiko planarekin, erakundeak datozen urteetan jorratu nahi dituen erronka nagusiei aurrea hartu zaie.
Lan horri guztiari esker, datorren uztailaren 14an, Haurren Laguna den Hiria zigilua emango zaio Ermuko Udalari, sari banaketa ekitaldi birtual batean.
Lotutako albisteak

Parte hartu duten haurrek herritarrak kontzientziatzeko ibilaldi batekin amaitu dute aurtengo erronka

Haurren Kontseiluak aldarrikapen ibilaldia antolatu du datorren maiatzaren 7rako, asteazkena

Apirilaren 29an eta maiatzaren 7an egingo, arratsaldeko eta goizeko ordutegian, hurrenez hurren