‘Maixabel’ eta ‘El club del paro’, aste honetan Ermua Antzokiko zinean
Urriko zine programazioak aurrera jarraitzen du, eta aste honetan komedia, drama eta haurrentzako abenturez gozatzeko aukera izango dugu lau film berrirekin. Egitaraua, ohi bezala, zineklub saioarekin hasiko da, eta bertan Preparativos para estar juntos un periodo de tiempo desconocido pelikula hungariarra eskainiko da. Lili Horvatek zuzentzen duen psikodrama honetan, Marta ezagutuko dugu, 40 urteko neurokirurgialari bikaina, Estatu Batuetan lan egiten duena. Maitemindu eta bere ibilbide oparoa atzean utziko du, Budapestera itzuli eta maite duen gizonarekin bizitza berri bat hasteko. Askatasunaren Zubian geratu dira, baina gizona ez da agertzen. Marta haren bila hasiko da, etsipenez, eta azkenean aurkitzen duenean, berarentzat bere bizitzako maitasuna denak esaten du ez dutela inoiz elkar ikusi. Preparativos para estar juntos un periodo de tiempo desconocido ostegun honetan, urriak 7, emitituko da 20:30ean jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertziala larunbatean hasiko da, El club del paro filmaren lehen emisioarekin. David Marquesek zuzendu du umorezko dokumental faltsu hau, eta Carlos Areces, Fernando Tejero, Adria Collado eta Eric Frances aktoreak ditu protagonista. Goizero, edozein egun dela ere, Fernando, el Negro, Jesus eta Benavente lau lagunak taberna batean batzen dira kaña batzuk hartu eta, euren erara, mundua konpontzeko: denaren eta denen aurka gaizki hitz eginez eta kritikatuz. Badute zerbait komunean: guztiak langabezian daude. Beno… bat izan ezik. El club del paro larunbatean 19:30ean eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.
Asteburuko bigarren zinta komertziala Iciar Bollainen Maixabel drama izango da. Benetako gertaeretan oinarrituta, Blanca Portillo aktorea Maixabel Lasaren azalean sartuko da, 2000. urtean ETAk hildako Juan Maria Jaureguiren alarguna. Hamaika urte geroago, Lasak ezohiko eskaera bat jaso zuen: bere senarraren hiltzaileetako batek Langraiz Okako (Araba) espetxean berarekin hitz egiteko eskatu zuen, talde terroristarekin zituen loturak hautsi ostean espetxean zigorra betetzen ari zen bitartean. Zalantza eta oinaze izugarria gorabehera, Maixabelek onartu egin zuen senarra odol hotzean hil zuten pertsonekin aurrez aurre topo egitea. Istorio gogor hau igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean izango da ikusgai.
Haurrentzako zinemari dagokionez, igandean, 17:00etan, Oltxiak animaziozko abenturazko filma eskainiko da euskaraz. Oltxiek bizitzeko leku bat bilatzen dute, baina inoiz ez dira ongi etorriak sentitzen inon. Kiratsa darie eta gizaki gehienek ez dituzte maite. Familiako herensugea Pestilandiako zabortegian lurreratzen denean, Oltxiak etxean bezala sentitzen dira eta gune hori euren bizileku berri bihurtzea erabakitzen dute. Baina dena ez da beraiek espero bezain erraza izango, eta Pestilandiako hiritarrei erakutsi beharko diete elkarrekin hiria salba dezaketela.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan