Lau film berri abendu euritsu honi aurre egiteko
Ermua Antzokiak hileko zine programazioarekin jarraituko du gaurtik aurrera eskainiko diren lau pelikula berriekin. Zineklub saioak emango dio hasiera asteko zine egitarauari, eta bertan, Fue la mano de dios filma emitituko da. Oscar saridun Paolo Sorrentino gidoilari eta zuzendari italiarrak Fabietto Schis (Filippo Scottik antzeztua) gaztearen istorioa kontatuko digu, 80. hamarkadako Napoli hiri iskanbilatsuan. Pelikulak ustekabe ederrak aurkeztuko dizkigu, Diego Maradona futbolari ospetsuaren iritsiera, esaterako, baina espero gabeko tragediak ere utziko dizkigu. Patuak bere papera antzeztuko du, poztasuna eta atsekabea elkarren artean nahasiko dira eta Fabiettoren etorkizunak aurrera egingo du. Sorrentino jaioterrira itzuli da bere istoriorik pertsonalena kontatzeko: zoriaren eta familiaren, kirolen eta zinearen, maitasunaren eta gabeziaren inguruko kontakizuna. Fue la mano de dios gaur eskainiko da 20:30ean gaztelaniaz azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Zine komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da El poder del perro westernaren lehenengo emisioarekin. Jane Campion zeelandarrak zuzendu du Benedict Cumberbatch, Jesse Plemons eta Kirsten Dunst protagonista dituen drama. Phil eta George Burbank anai aberatsak txanpon beraren bi aurpegiak dira: Phil azkarra eta krudela da, eta George, aldiz, sorgorra, isila eta atsegina. Elkarrekin, Montanako arrantxo erraldoi baten jabeak dira. XX. mendeko modernizazio azkarra mantentzen da bertan, eta Philek inoiz ezagutu duen cowboy handiena, Bronco Henry, miresten dute. George ezkutuan Rose alargunarekin ezkontzen denean, Philek, harrituta eta haserre, guda gogor eta gupidagabea hasiko du guztia suntsitzeko, bere seme Peter peoi gisa erabiliz. El poder del perro astelehenean ere ikusgai izango da 20:30ean.
Asteko bigarren zinta komertziala Pan de limón con semillas de amapola familia drama izango da, Benito Zambranok zuzendua. Elia Galera eta Eva Martin aktoreek Anna eta Marina aurkeztuko dizkigute, nerabezaroan banandu ziren bi ahizpa, Mallorcako barnealdeko Valldemossa herri txikian berriro topo egingo dutenak urte batzuen buruan. Ustez ezagutzen ez duten emakume misteriotsu batek okindegi bat utzi die herentzia gisa, eta hura saltzeko elkartu dira. Bi ahizpek bizimodu oso desberdinak dituzte: Anna ez da ia uhartetik atera, eta jada maite ez duen gizon batekin ezkonduta jarraitzen du; Marinak, aldiz, mundu osoan zehar bidaiatzen dihardu, GKE bateko mediku lanetan. Herentzia misteriotsuaren atzean dauden sekretuak ikertzen dituzten bitartean, Annak eta Marinak aspaldiko familia liskarrei aurre egin beharko diete, eta galdutako urteak berreskuratzen saiatuko dira. Pan de limón con semillas de amapola igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean emitituko da.
Haurrentzako zineari dagokionez, igandean 17:00etan Zutik! animaziozko zinta euskalduna eskainiko da. Kondairek diotenez, landatzen den zuhaitz bakoitzeko, iratxo txiki bat jaiotzen da. Une horretatik aurrera, zuhaitza eta iratxoa bizitza osorako loturik geratuko dira: bati gertatzen zaiona, besteari ere gertatuko zaio. Iratxo horiek ikusezinak dira pertsonentzat. Garai batean, haurrak gai ziren haiek ikusteko eta elkarrekin jolasteko, baina gizakiak naturatik aldentzen hasi ziren, eta harremana eten egin zen. Orain, hiriko basorik ederrena gune teknologiko bilakatu nahi dute pertsonek. Hiri handian galdutako iratxoak gai izango ote dira haurrak berriro naturarekin konektatu daitezen lortzeko? Zuhaitzen eta iratxoen biziraupena horren menpe dago.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan