‘Traiciones’ abestia garaile Ermuko rap lehiaketan
Odei Poncek eta Oier Tomasek, San Pelaio Ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek, Ermuko liburutegiak antolatutako rap lehiaketako lehen saria irabazi dute Traiciones abestiari esker.
Bi gazteek konposatu dute kantua, eta Iparralden bizi den Odei Barroso rap kantari eta bertsolariaren laguntzarekin editatu dute. Liburutegiak antolatutako eta urrian eta azaroan herriko hainbat ikastetxetan eman diren rap hastapeneko tailerrak dinamizatzeaz arduratu da Barroso, lehiaketaren deialdia egin aurretik.
Rap hastapeneko tailerrak bi saiotan egin dira, eta horien helburua estilo horretako musika-konposizio baten ezaugarriak barneratzea da, baita hizkuntza musikal honek eskaintzen dituen hitzekin, idazketarekin, sorkuntzarekin eta emozioak adierazteko aukerarekin jolastera animatzea ere. Euskararen potentziala ere erakutsi nahi izan da, adierazpen artistiko mota honetarako hizkuntza egokia baita. Tailerrak San Pelayo Ikastetxean, Ermua BHIn eta Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan egin dira.
Atal teorikoaren eta lan praktikoaren ondoren, lehiaketa antolatu da, eta zortzi konposizio aurkeztu dira bertara. Lehen saria aipatutako Traiciones abestiak irabazi du, eta Yuri Aristorena OLHUI Ermua-Mallabiko ikaslea finalista izan da, Dile que no soy el malo kantuarekin.
Irabazleentzako saria abestia grabatzea izan da, eta emaitza lerro hauen azpian entzun daiteke.
Lotutako albisteak
Saioa euskaraz izango da eta 17:30ean hasiko
Liburutegiak ospatzeko saio berezi bat antolatu du irakurketa tematikoko klub horretan
Liburutegiak antolatuta 2016 eta 2018 urteen artean jaiotako adingabeentzat