‘Libertad’ filmarekin hasiko da martxoko zine programazioa
Ermua Antzokiak hasi berri dugun martxoko zine karteldegia aurkeztu du, eta haur nahiz helduentzako 16 film berri izango ditugu ikusgai. Hileko bonua salgai dago jada Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan, eta 15,60 euroren truke, datozen lau asteetan emango diren zineklub eta zine komertzialeko hamabi zintak ikusteko aukera izango dugu.
Asteko programazioa ostegun honetan, hilak 3, hasiko da zineklubarekin, eta bertan Taylor (El sastre) film greziarra eskainiko da. Sonia Liza Kenterman zuzendariaren komedia dramatiko honetan Nikos ezagutuko dugu. Jostun ameslari honek, hondamendiaren ertzean, bere bizitza berrasmatu eta Atenasko andregaiei bizitza alaitu nahi die. Nikos familiaren jostundegiko ganbaran bizi da, eta bankuak lokala bahitzeko mehatxua egiten duenean eta aita gaixotzen zaionean, ekintzara pasatuko da: gurpil gaineko jostundegi zoragarri baina bitxi batekin, bere burua berrasmatzea lortzen du, Atenasko emakumeei estilo eta konfiantza emanez soineko ederrekin. Taylor (El sastre) jatorrizko bertsioan azpitituluekin emango da 20:30etatik aurrera.
Aste honetako zine komertzialean Libertad emitituko da, nerabezaroaren inguruko drama. Clara Roquet da zuzendaria, eta María Morera, Nicolle García, Nora Navas eta Vicky Peña ditu protagonista. Udako etxean denbora luzez topo egin gabe egon ondoren, Vidal familiak amona Angelarekin batera igaroko ditu azken oporrak. Bere bizitzan lehen aldiz, 14 urteko Norak bere lekua aurkitzen ez duela sentitzen du: haurren jolasak barregarriak iruditzen zaizkio eta helduen elkarrizketak handi geratzen zaizkio oraindik. Baina dena aldatuko da Libertaden etorrerarekin, amona zaintzen duen Rosana emakume kolonbiarraren hamabost urteko alaba. Libertad igandean 19:30ean eta astelehen eta asteartean 20:30ean proiektatuko da.
Haurrentzako zinemari dagokionez, igandean, 17:00etan, Kikoriki Déjà Vu animaziozko filma emango da. Krashek, Kikoriki irlako biztanle batek, bere lagun Barryrentzat ahaztezina izango den urtebetetze festa antolatzea erabaki du, eta horretarako DejaVu Agentzia kontratatu du. Baina hondamendi bat gertatzen da, eta Kikorikiek taldea denboran banatzen dute. Krashek bere lagunak aurkitu eta berreskuratu beharko ditu hainbat garaitan, espazio-denboraren hausturatik sortutako bere alter egoaren laguntzarekin. Lortuko ote dute kikorikiek egoera zoro honetatik irten eta beren uharte lasai eta paradisura itzultzea?
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan