'Licorice pizza' film txalotua, asteko zine programazioko protagonista
Martxoa erdialdera hurbiltzen ari da jada, eta Ermua Antzokiak lau film proposamen berri dakartza hileko bigarren aste honetan zinerik onenaz gozatzeko. Programazioa ostegun honetan hasiko da zineklub saioarekin, eta bertan Un pequeño mundo pelikula belgikarra proiektatuko da. Laura Wandelek zuzendutako drama sozial honetan, Norak, Lehen Hezkuntza hastera doan neskatoak, bere anaia nagusi Abelek jasaten duen eskola-jazarpena ezagutuko du bertatik bertara. Aitak egoerari aurre egin eta ekiteko esango dio, baina eskolan integratzeko beharraren eta isilik egoteko eskatzen dion anaiaren artean eztabaidatzen da. Leialtasun gatazka ikaragarria, eskola munduan murgiltze sakona neskato baten begien bitartez. Un pequeño mundo filma bihar izango da ikusgai, 20:30ean, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertziala larunbatean hasiko da, 19:30ean, Maggie Gyllenhaalek zuzendutako La hija oscura dramaren lehenengo emisioarekin. Izen bereko Elena Ferranteren eleberrian oinarritzen da filma, eta Olivia Colman, Jesse Buckley eta Dakota Johnson aktoreak ditu protagonista. Bere kasaka kostaldean opor lasaiak igarotzen ari den emakumea da Leda, eta hondartzan ama gazte bati eta haren alabari erreparatzen hasiko da. Euren harreman erakargarriak eta familia zaratatsu bezain mehatxagarriak sortzen dion interesa medio, Leda haiei begira geratuko da, lelotuta, eta bere oroitzapen beldurgarriek izutuko dute, ama gazte izateak dituen intentsitatea eta zalantza uholdea tarteko. Ekintza oldarkor batek bere gogoaren mundu bitxi eta deitoragarrira darama Leda, non ama gazte gisa hartu zituen erabaki ez konbentzionalei eta horien ondorioei aurre egin behar dien. La hija oscura astelehenean ere izango da ikusgai, 20:30ean.
Asteko bigarren film komertziala Licorice pizza izango da, Paul Thomas Andersonek zuzendutako komedia dramatikoa. Aktoreen artean, Alana Haim, Cooper Hoffman, Sean Penn, Tom Waits eta Bradley Cooper daude. Alana Kane eta Gary Valentineren istorioa da, 1973an San Fernando Valleyn maitemindu eta euren bizitza bizi duten bi gazteena. Film, zuzendari eta jatorrizko gidoi onenaren Oscar sarirako izendatuta dagoen filmak emozio eta bizipenen gora beherak arakatzen ditu, lehen maitasuna deskubrituz. Licorice pizza igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean proiektatuko da.
Haurrentzako zinemari dagokionez, igandean, 17:00etan, Ainbo animaziozko filma eskainiko da euskaraz. Ainbo txikia Amazoniako oihan sakonean bizi da. Ama galdu eta bere herriko helduekin borrokatu ondoren, arkulari gazte honek bere herria gizon zuriaren botere suntsitzailetik salbatzeko bidaia bati ekingo dio. Bere bi gidari izpiritualek lagunduko diote, armadilo bizi batek eta tapir lasai batek.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan