‘Muerte en el Nilo' protagonista martxoko zineko azken astean

23.03.22
Ermua Antzokia

Ermua Antzokiak lau film berri aurkeztuko ditu martxoko azken txanpa honetarako. Asteko programazioa ostegun honetan, hilak 24, hasiko da zineklub saioarekin. Bertan, No somos nada, La Polla Records punk talde mitikoaren inguruko dokumentala proiektatuko da. Taldearen agurreko kontzertu-bira dela eta, Evaristo Paramos abeslariak Aguraingo Otxoa tabernan (Araba) dena nola hasi zen gogoratzen du. Bere amak eta Abel Murua taldekideak koadrila honen istorioa kontatzen dute: ia jotzen jakin gabe talde bat sortu zuten lagun talde bat, 1979tik gaur egunera arte mugak eta belaunaldiak zeharkatzeko. No somos nada 20:30etatik aurrera izango da ikusgai.

Zine komertziala larunbatean hasiko da arratsaldeko 19:30etan Coda. Los sonidos del silencio filmaren lehen pasearekin. Siân Heder estatubatuarrak zuzendu du familia-drama hau, eta bertan Ruby, gorren familia bateko kide entzule bakarra, ezagutuko dugu (coda akronimoa child of deaf adults-etik dator, heldu gorren seme-alaba). 17 urterekin, goizez gurasoekin eta anaiarekin lan egiten du eskolara joan aurretik, familiaren arrantza-negozioari eusten saiatuz. Zaletasun berriak aurkitzeko irrikaz, Rubyk bere institutuko abesbatzan sartzea erabaki du. Bertan, kanturako grina ez ezik, taldekide duen mutil batekiko erakarpen handia sentituko du. Irakasleak zerbait berezia ikusten dio neskatoari, eta musika eskolan sartzeko aukera baloratzera animatzen du. Etorkizunari begira erabakia hartu beharko du: ikasketak edo familia. Coda. Los sonidos del silencio astelehenean ere izango da entzungai, 20:30ean.

Asteko bigarren film komertziala Muerte en el Nilo izango da, Kenneth Branaghek zuzendutako Agatha Christieren eleberri ezagunaren egokitzapena. Zuzendaria bera da misteriozko thriller honen protagonista, Gal Gadot, Letitia Wright eta Armie Hammerrekin batera. Ezkonberri bikote batek Egipton ospatuko du hartu berri duen konpromisoa. Han, Karnak izeneko ontzi bat alokatuko dute, gonbidatuekin batera Nilotik Abu Simbelera nabigatzeko. Zeharkaldia festa eta dibertsioa da, ontzian hilketa bat gertatzen den arte. Orduan, ontziko bidaiarietako batek, Herkules Poirot detektibe belgikar ospetsuak, esplikaziorik gabeko oinordeko gazte baten heriotza misteriotsua ikertu beharko du. Berehala hasiko dira gorrotoak eta liskarrak, itxuraz lasaia den lagun taldearen artean, eta ikertzailea ohartuko da ezer ez dela dirudiena. Muerte en el Nilo igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean eskainiko da.

Haur eta gazteentzako zinemari dagokionez, igandean 17:00etan Uncharted abentura-filma izango da ikusgai. Azken urteotan gehien saldutako eta txalotutako bideo-jokoen saga batean oinarrituta, Unchartedek Nathan Drake (Tom Holland) gazte bizi eta karismatikoa aurkezten digu, Victor Sully Sullivan (Mark Wahlberg) lankide burutsuarekin egindako lehen abenturan. Mundu osoan zehar hedatzen den akziozko abentura epiko honetan, biak ala biak inoiz aurkitu den altxorrik handienaren bilaketa arriskutsuan murgiltzen dira, aspaldian galdutako Nathanen anaiarengana eraman ahal izango lituzketen gakoak arakatzen dituzten bitartean. Filma 12 urtetik gorakoentzat da gomendagarria.

Lotutako albisteak

Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Fotografía del elenco de la obra de teatro Antigona
28.05.25
Sutegi antzerki taldeak ‘Antigona’ aurkeztuko du Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera
Imagen
27.05.25
Ermua Antzokiak denboraldiko azken lau filmak proiektatuko ditu

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu