Autoezagutza nerabezaroan 'Ameriketako bidaia' antzezlanarekin
Tanttaka antzerki konpainiak Ameriketako bidaia lana aurkeztuko du ostiral honetan Ermuan, ikasturte baterako Estatu Batuetara doazen bi neraberen istorioa. Patxo Telleriak sortu du Mireia Gabilondok zuzentzen duen ikuskizuna, eta Miren Arrieta eta Nerea Mazo aktoreek emango diete bizitza Jone eta Mariari oholtza gainean.
Publiko guztientzat pentsatutako ekoizpen honetan, interprete gazteak bi neraberen bizipenetan murgilduko dira, eta euren ingelesa hobetu eta bizitzatik ikasi nahi duten ikasturte akademiko batean bizitako esperientziak kontatuko dizkigute. Erritmo biziko ikuskizuna, pertsonaia aldaketa ikaragarriekin, euskaraz eta ingelesez eta zuzeneko abesti eta musikekin.
Maria eta Jone oso nerabe desberdinak dira eta ez dute elkar ulertzen. Jonek iritzi positiboa du AEBetako bizimoduari buruz; Mariak, berriz, aurreiritzi asko ditu yankien inguruan. Aireportuan, norbaitek ekipajea eta dokumentazioa lapurtu dizkio Joneri, eta poliziak atxilotu egingo du, legez kanpoko etorkin latindarra dela argudiatuz. Hizkuntzarekin dituzten arazoak eta arrazaren inguruko aurreiritziak direla eta, egoera kafkiarra biziko dute. Jonek hainbeste miresten zuen Amerikaren alde ilunarekin egingo du topo, eta Mariak, berriz, jende solidarioa ezagutuko du, hainbeste gutxiesten zuen gizartearekin adiskidetzeko.
Ikuskizuna maiatzaren 6an, ostirala, izango da Ermua Antzokian, 20:30ean. Sarrerak 10 euroan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean edo Antzokiko leihatilan bertan, obra hasi baino ordubete lehenagotik.
Lotutako albisteak
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu