‘Izua azaletan. Terrorismoaren 60 urte Espainian prentsaren bidez' erakusketa zabalik Ermuan

17.06.22
Erakundea

Galeria uztailaren 24ra bitartean egongo da ikusgai Izarra Centren

Miguel Angel Blanco zinegotzi ermuarraren bahiketaren eta hilketaren XXV. urteurrena oroitzeko ekitaldien egitaraua gaur, ostirala, hasi da, ''Izua azaletan. Terrorismoaren 60 urte Espainian prentsaren bidez'' erakusketaren irekierarekin.

Galeria Terrorismoaren Biktimen Fundazioak, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa Fundazioak, Vocento Taldeak, Ermuko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Barne Ministerioak antolatu dute elkarlanean.

Inaugurazio ekitaldian izan dira Juan Carlos Abascal alkatea, Denis Itxaso gobernuak EAEn duen ordezkaria, Enrique Ybarra El Correo-ko presidentea, Marimar Blanco Garrido Miguel Ángel Blanco Fundazioko presidentea, Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren Fundazioko zuzendaria eta Maria Jimenez Ramos erakusketako komisarioa, Ana Aizpiri kazetariaren gidaritzapean.

Erakusketaren edukiak Espainian biktimak eragin dituzten erakunde terrorista guztiak hartzen ditu barne, 1960tik hasi eta 2021eko apirilaren 21era arte, egun horretan hil baitzituzten David Beriain kazetaria eta Roberto Fraile kameralaria Burkina Fason, atentatu yihadista batean. Erakusketa-proiektua 30 modulutan oinarritzen da. Bertan, atentatuek eragindako errealitatearen aurrean jartzen gaituzten egunkarietako azalak jasotzen dira, baita biktimen familiek lagatako eta/edo indar terroristei konfiskatutako objektuak eta argazkiak ere.

Gainera, sei metroko lau binilo egin dira bereziki Ermurako, 1997ko uztailean ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta erail zuenean gertatutakoak ardatz hartuta. Hemen bilduko dira egun haietan El Correo eta El Diario Vasco egunkariek argitaratu zituzten azalak, Miguel Angelen familia-albumeko hainbat argazki, haren izena daraman fundazioak utzitakoak, eta Vocentoko eskualdeetako egunkarien azalak, gertaera hark herrialde osoan izan zuen eragina islatzeko.

Erakusketa uztailaren 24ra bitartean egongo da ikusgai Izarra Centre eraikineko bosgarren solairuan, astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa izango da.

Juan Carlos Abascal alkateak Ermuko biztanleriaren ausardiari eta komunikabideetako profesionalen lanari garrantzia eman nahi izan die: "Askatasuna arriskuan dagoenean, hedabideak hor daude profesional eta herritar aktibo gisa eta gertatzen denarekin konprometituta, zoritxarrez bizi izan duguna kontatzeko, bizitzak arriskuan jarriz demokrazia eraikitzen laguntzeko".

Florencio Domínguez Terrorismoaren Biktimen Memorialaren zuzendariak, bestalde, "erakusketa berezia" dela adierazi du, "kazetaritza-izaera nabarmenekoa, prentsak terrorismoaren aurka duen konpromisoa adierazten duena, atentatu bakoitza bere azaletan salatuz eta kontatuz". Izan ere, komunikabideetako profesionalak terrorismoaren historiaren lekuko pribilegiatuak izan ziren.

Ekitaldi osoa bideo honetan ikusi daiteke:

Ekimen hau posible da, besteak beste, Vocento Taldearen eta, bereziki, El Correo eta El Diario Vasco egunkarien lankidetzari esker, bere artxiboaren zati bat (azalak, prentsa-orriak, argazkiak eta binetak) doan lagatzeagatik; Polizia Nazionalarena eta Guardia Zibilarena, bere garaian erakunde terroristei atzemandako materialak lagatzeagatik; Trenbideen Museoarena, Madrilen 2004ko martxoaren 11n izandako atentatuetan hildako pertsonen oroimenez egindako elementuetako batzuekin; eta atentatuetako biktimen familiei esker.

Lotutako albisteak

Imagen
16.07.25
Jokabide matxistarik eta eraso sexistarik gabeko jaien alde

Berdintasun alorrak sentsibilizazio kanpaina garatuko du eta 'Puntu moreak' kalean jarriko ditu jaietako bost egunetan
Imagen
15.07.25
Udalbatzak gaur ezohiko Osoko Bilkura izango du

Gai-zerrendak hamalau puntu ditu; horien artean, kredituak gehitzeagatik aurrekontua aldatzea, Lobiano erabiltzeko erregelamendua, 2025eko Lanpostu Zerrenda aldatzea edo erakundeko euskara normalizatzeko plan estrategikoa onartzea
Imagen
10.07.25
Azaleko minbizia prebenitzeko modurik onena, eguzkitik babestea da

Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta herriko boluntarioak informazioa eta gomendioak emango dituzte gaur Betiondon