‘Kopaz kopa’, bizitzaz gozatzeko bidaia, antzerki formatuan
Ikuskizuna ostiralean 20:30ean izango da Ermua Antzokian
Zer gertatzen da berrogeitaka urte izan eta aurrerantzean inork ez dizula zu-ka egingo konturatzen zarenean? Horixe da Kopaz kopa euskarazko antzezlan dibertigarriaren abiapuntua, eta Miguelek eta Andresek, bizitza osoko lagunek, galdera horri egingo diote aurre, bakoitzak bere moduan.
Bien artean erabakitzen dute astebeteko bidaia egitea, Andresen ezkondu aurreko agur festa gisa. Biek daramatzate euren segurtasun gabeziak kopaz kopa arrastaka, zerbaiti heldu nahian, bizirik sentiarazi eta eskastasunari ihes egiteko aukera emango dien zerbaiti. Amaiarekin eta Terrarekin topo egiten duten arte, inguruko upeltegietan lan egiten duten bi ardogile. Bi emakume independente horiek, ekintzaileak eta ausartak, desoreka sortzen dute, bizitzaren bigarren erdiari zein ikuspegirekin aurre egingo dioten erabaki eta heldu beharko duten bizi-astindua.
Kopaz kopa xehetasunez eta bizitzaz beteriko istorio horietako bat da. Komedia bat, itxuraz xaloa, dibertigarria eta lasaia, baina aurrera egin ahala sakonago agertu, eta, tarteka, mingarri eta labainkorra egingo dena.
Entretenitzeari utzi gabe, zenbait gai sakonen aurrean jarriko gaitu, eta bizitzaz gozatzeko tentazioan erortzera gonbidatuko gaitu, bizitzak izan lezakeen arrunta eta prosaikoa gainditzera etsipen eta samintasunean jausi gabe.
Garbi Losadak zuzentzen du Kopaz kopa, Rex Picketten jatorrizko obran oinarritua eta Iñigo Aranbarri, Asier Sota, Ainara Ortega eta Ainhoa Aierbe protagonista dituena.
Antzezlana ostiral honetan, azaroak 4, izango da ikusgai Ermua Antzokian, 20:30ean. Sarrerak 10 euroan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan