Jolasteko, gozatzeko eta atseden hartzeko eskubidea dutelako

16.11.22
Hezkuntza

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Ermuan igande honetan, azaroak 20. Euskadiko UNICEFen azaroaren 20ko adierazpenarekin bat egin du gure udalak, eta haurren eskubideak eta emozioak ditu ardatz nagusi. "Haurren eta nerabeen eskubideak lortzen direla ziurtatzea gai kolektiboa da, eta nahitaez bete beharrekoa. Haur bati bere eskubideak asetzea mugatzen zaionean, bere ongizate emozionalean eragin zuzena du. Horregatik, hiriek eta herriek, haurtzarotik hurbilen dauden komunitateak garen aldetik, funtsezko rola dugu bertan bizi diren haurrak emozionalki pozik senti daitezen ziurtatzean", azaltzen du testuak. Adierazpena aho batez onartu du Udalbatzak Osoko Bilkura saioan.

A20 Adierazpen instituzionala

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko, gogoratzeko eta, batez ere, ikusarazteko, Haurren Kontseiluak haur guztiei eskainitako eskultura bat inauguratuko du. Irudiak haur bat irudikatzen du kaniketan jolasten, eta azaroaren 24an, osteguna, jarriko da San Pelaio plazan – Aritzmendi frontoiaren eta Tribuna tabernaren arteko urbanizazioan –, haurren oinarrizko eskubideetako bost dituen plaka batekin batera: jolastea, kirola egitea, arteaz gozatzea, atseden hartzea eta kulturaz gozatzea. Ekitaldia goizean izango da, eta kontseilari txikiekin batera Ermua, Hiri Lagunkoia Adinekoekin proiektuko talde eragilea eta Juan Carlos Abascal alkatea izango dira.

Bestalde, herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeek modu sortzailean landu dituzte bost eskubide horiek, hainbat plantillatan ordezkatuz. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleek hainbat arte-adierazpenen bidez (marrazkiekin, pinturarekin, lekaleekin, edozein materialekin) beren oinarrizko eskubideak nola ulertzen dituzten islatzeko aukera izan dute.

Lan horiek guztiak ausaz banatuko dira eta ikusgai egongo dira Ermuko udaletxean azaroaren 20tik aurrera, eta San Pelaio plazan, eskulturaren ondoan, azaroaren 24an.

Udaletxean, gainera, bi olana koloretsu ditugu ikusgai Martxoaren 8ko plazara ematen duen fatxadan, UNICEFen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa deskargatzeko QR kode batekin.

Ekimen honen bidez, kontzientzia kolektiboa eta eragin soziala sortu nahi dira, aurrera egiten jarraitzeko eta haurren eskubideak eraginkor bihurtzeko. Gogoratu behar da Ermua Haurren Hiri Laguna dela UNICEFen eskutik 2021etik, eta konpromisoa hartzen duela gure herritarren zati txiki baina handi horren eskubideetan aurrera egiteko hainbat neurri bultzatzeko.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
25.06.25
Ermuko Udalak II. Haur eta Nerabeen Tokiko Plana onartu du

Sei helburu orokor eta 30 ekintza zehatz jasotzen ditu dokumentuak 2025-2028 epealdirako
Imagen
17.06.25
'Ermua, Hiri Lagunkoia’ taldeak eta LHko ikasleek espazio publikoetako bizikidetzari buruzko gogoeta egin dute

Belaunaldien arteko tailerren bidez gatazkak saihesteko formulak landu dituzte