Enplegua eta ekintzailetza dira, beste behin, ermuarren lehentasun nagusia
113 pertsonak egin dituzte ekarpenak 2023rako Aurrekontu Parte-hartzaileetan
Ermuko Udala 2023ko Aurrekontuak zehazteko lanean ari da. Bide horretan, erakundeak parte-hartze prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu, bertan jaso baitira herritarren proposamenak aurrekontuari begira lehentasunezkotzat jotzen diren eremuak ezagutzeko.
Guztira 113 lagunek parte hartu dute ekimen honetan, eta Ermuko herritarren lehentasunak enplegua eta ekintzailetza – 55 boto –, irisgarritasuna eta mugikortasuna – 39 boto –, bazterketa-arriskuan dauden pertsona eta familientzako laguntzak – 33 boto –, zerbitzuak hobetzea eta herritarrei arreta ematea – 31 boto – eta biztanle sektore ahulenek etxebizitza eskuratzea – 27 boto – direla zehaztu dute.
Partaidetza sexuaren, adinaren eta auzoaren arabera
47 gizon eta 46 emakumek eman dute euren iritzia prozesuan – hainbat pertsonak ez dute adin eta sexu daturik eskaini nahi izan – eta adin-tarte parte-hartzaileena 40 eta 60 urte artekoena izan da – 39 pertsona, botoen %42a – . 40 urtetik beherako 29 pertsonak aurkeztu dituzte euren asmo eta iritziak, eta 60 urtetik gorakoen artean, aldiz, 25 pertsonak parte hartu dute.
Auzoen arabera, erdigunean 34 gizon-emakumek egin dute bat prozesuarekin, eta Sallabenten 21 lagunen ekarpenak jaso dira. San Pelaion 16 partaide izan dira, Ongarain 13, Okin Zurin 9 eta Abeletxe-Santa Ana gunean, 8.
Norbanakoen ekarpenak
Aurrekonturako lehentasunen artean aukeratzeaz gain, prozesuan ekarpen irekiak egiteko aukera ere eman da, herritarrek garrantzitsutzat jotzen dituzten gaiak azpimarratu eta gobernu taldeari jakinarazteko. Horrela, 48 pertsonak bete dute atal hori, eta gai anitzetako 116 ekarpen jaso dira.
Hirigintza izan da ermuarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat, eta herritarren 68 ekarpen jaso ditu azpiegituren, berdeguneen, irisgarritasunaren, garbiketaren, aparkalekuen eta argiztapenaren inguruan.
Enplegu eta formakuntza planak, zerbitzuen hobekuntza, ingurumena, merkataritza eta ostalaritza eta tokiko kultur ondarea ere aipatu dituzte ekarpenak egin dituzten herritarrek.
Proposamen guztiak teknikoki aztertuko dira orain, 2023ko Aurrekontuan sartu, bertan behera utzi edo etorkizun hurbilean beste analisi batzuk egiteko uzten diren erabakitzeko. Gainera, udal alor ezberdinetaz arduratzen diren zinegotziak ekintza zehatzak proposatu dituzten herritarrekin harremanetan jarriko dira, hartutako erabakiaren berri eman eta, beharrezkoa izango balitz, euren ekarpenen inguruko xehetasun gehiago eskatzeko.
Lotutako albisteak

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere