Appa hi! Ermuko Hitanoa ikasteko aplikazioa Android nahiz IOS sistemetarako
Udal Euskara zerbitzuko alkateorde eskudunak, Harri Araiztegik, eta Deba Ibarreko Euskara Elkarteko koordinadoreak, Aintzane Agirrebeñak, Appa hi! aplikazioa aurkeztu zuten bart, hitanoa bost astetan ikasteko aplikazio digitala. Aurkezpen ekitaldian baita ere udal Eurkara Zerbitzuko teknikari Fernando Aranberri eta Euskal Birusa elkarteko kide eta irakasle Estibalitz Gonzalez izan ziren, baliabidea biek landutako materialekin hornitu baita. Araiztegi alkateordeak eskerrak eman zizkien biei “egindako lan ikaragarriagatik eta, bereziki, Estibalitzi, urte asko daramatzalako euskararen alde etengabeko lanean, zeregin hori lagatzeko inolako asmorik izan gabe”. Ermuko euskarari ere tartea egin zaio aplikazioan, Aranberrik landu eta jasotako irizpideak erantsiz bertakoaren berezitasunak hobeto ezagutzeko, Ermua-Eitzaga euskara liburuko materialei erreparatuta.
Appa hi! aplikazioa eskuko telefonoaren bidez hitanoa ikasteko aplikazioa da, eta bost astean hika egiten ikasteko aukera ematen du. Badihardugu euskara elkarteak garatu du, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean. Atzo aurkeztu zen Ermuko Appa hi! Bizkaiko lehenengo toki-aplikazioa. Estreinakoz, hitanoaren batuko bertsioa eskaini zen, gerora, Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioa erantsiz eta, harrera arrakastatsua, Gipuzkoako beste herri batekoak ere eskainiaz. Bizkaiko lehena, Ermukoa da. Android nahiz IOS sistemetarako egokitua dago, eta Google Play-tik edo App Storetik deskargatu daiteke, hurrenez hurren.
Hogeita hamabost (35) egunean hitanoan murgiltzeko eta oinarriak hartzeko aukera izanen dugu. Egunero informazio jakin bat ematen da: atalaren azalpenak, ikus-entzunezkoak, adibideak izanik. Eduki erakargarri eta errazak egiteko marrazkiak ere badaude, Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste atal berri bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu eta partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepasoa egingo da, eta mailaz igotzeko aukera izango. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Erabiltzaileak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, bost astean lortuko du hitanoa ikastea. Gizonezko nahiz emakumezkoen formak daude, noka zein toka, biak.
APParen ezaugarri nagusiak hauexek dira:
- Hika praktikatzeko eta ikasteko APPa da.
- Jolastuz ikasi: modu errazean, jolasean, ia konturatu gabe 5 astean hitanoaren oinarriak lantzeko. Hitanoaren oinarri teorikoak eskaintzen ditu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da.
- Toka zein noka praktikatzeko aukera ematen die euskaldun guztiei, gazte zein adineko, baita hutsetik hasita ere.
- Teknologia eta pedagogia ahalik eta modurik egokienean uztartzen ditu.
- Tresna erabilterraza da. Teknologikoki ongi garatutakoa; erabiltzailearentzat argia.
- Doakoa da eta Android zein IOS sistemadun telefonoetarako egokituta dago.
- Euskara batuko adizkiak ikasteko aukera ematen du, eta baita Ermuko propioak ere.
Aplikazioa deskargatzeko eta praktikatzeko deia zabala egin, Ermuan hika formaren erabilera berreskuratu eta ahoan izan dezagun.
Informazio gehiago: https://appahi.eus/
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.