Datorren astean hasiko da ‘Eman zure eskua’ proiektuaren V. edizioa
‘Eman zure eskua’ izeneko proiektua, belaunaldien arteko topaketa eta interakziorako gunea ahalbideratzen duena, urrian hasiko da, ekimenaren bosgarren edizioan. Ermua Mallabiko Hasierako Lanbide Heziketako Udal Institutuko (HLHUIko) 1. eta 2. mailako ikasleek 70 urte edo gehiagoko adineko pertsona autonomoekiko topaketei ekingo diete berriro datorren astetik aurrera. Gizarte-zerbitzu komunitarioek eta prestakuntza-zentroak bultzatutako ekimena da, bi kolektiboek espazioa eta denbora parteka dezaten, zubiak eraiki eta loturak sor ditzaten, elkar aberasteko eta ikasteko.
‘Eman zure eskua’ zeharkako ekimena da Ermua, Adinekoekin Hiri Lagunkoia proiektu estrategikoaren barruan, eta Institutuko ikasleen curriculum akademikoan txertatua dago. Ikaskuntza-zerbitzu metodologiaren bidez, ikasleek adineko pertsonen eskuetako azazkalak zaindu eta edertuko dituzte, ikasgelan ikasten dituzten teknika estetikoak aplikatuz. Zerbitzu hori ematen den bitartean, belaunaldi desberdinetako parte-hartzaileen arteko esperientzien eta emozioen trukea bultzatzen da, estereotiporik eta adin edo genero desberdintasunagatiko aurreiritzirik gabe.
2025/26 ikasturte honetan, ‘Eman zure eskua’ belaunaldien arteko programaren bosgarren edizioa izango da. Programa hori gizarte-zerbitzu komunitarioek eta HLHUIko ikasleek bultzatutako programetako adinekoen taldeen arteko truke-estrategia gisa sortu zen.
Urteko plangintzaren barruan jarduera egonkor bilakatutako pilotua
Proiektu pilotu gisa hasi zena sendotu egin da denborarekin, parte-hartzaile guztientzako esperientzia aberasgarri eta atsegingarri gisa. ‘Eman zure eskua’k hainbat belaunaldiren arteko topaguneak posible egin du, errespetuan, enpatian eta elkarrekiko ikaskuntzan oinarrituta, gazteen eta adinekoen arteko harreman positiboak eta osasungarriak sustatuz.
Programa jarduera egonkorra eta ezinbestekoa bihurtu da gizarte-zerbitzu komunitarioen nahiz ikastetxearen beraren urteko plangintzaren barruan. Bere arrakastak, gainera, edizio berri honetatik aurrera indarrean jarriko diren hobekuntzak eta berrikuntzak sartzea bultzatu du.
Aldaketa nagusien artean, estetika eta ile-apainketa espezialitateko lehen eta bigarren mailako ikasleek lehen aldiz parte hartu izana nabarmentzen da. Aurreko edizioetan, lehen mailako ikasleek baino ez zuten parte hartzen, baina aurten belaunaldien arteko loturak sendotu nahi dira, adineko pertsonek ikasleei laguntzen baitiete bi urteko prestakuntzan, erreferentziazko eragile positibo bihurtuz. Zabaltzeak saio gehiago eskatuko ditu, datorren astean hasiko direnak. Jarduerak eta topaketak Lobianon egingo dira, eskola-ordutegiaren barruan.
Lotutako albisteak
12 kontseilari txikiek txangoa egin dute Errekalde auzora, aurtengo erronka burutzeko informazio gehiago jasotzeko
Proposamen irabazlea etxeetara bidaliko zaigun aurtengo zorion txartelaren irudia izango da
12 kontseilari txikiek Errekalde egokitzeko proposamenak landuko dituzte ikasturtean zehar