Parte hartu, hausnartu eta erabaki: Ermuko Udalak eta Osakidetzak Aurretiazko Borondateen Dokumentua ezagutzera emango die herritarrei

Saioak urriaren 7an eta 21ean izango dira, Lobiano Kulturgunean, eta informazioa eta laguntza eskainiko dute dokumentua egin eta erregistratzeko
28.09.26
Gizarte Zerbitzuak

Osakidetzak, Ermuko Udaleko Osasun Komunitarioko Zerbitzuaren laguntzarekin, bi informazio-saio antolatu ditu herritarrei Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD) egiten laguntzeko. Ekimena helduei zuzenduta dago, eta pertsonen autonomia bultzatzea eta beren lehentasun sanitarioak modu informatu eta kontzientean adierazteko aukera ematea du helburu.

Saioak urriaren 7an eta 21ean izango dira, 10:00etatik 12:00etara, Lobiano Kulturgunean, eta Debabarrena ESIko Erizaintza Komunitarioko taldeak emango ditu.

Lehenengo saioan, urriaren 7an, Aurretiazko Borondateen Dokumentua zer den, haren helburua zein den, zer eduki sar ditzakeen eta dokumentua formalizatzeko beharrezko baldintzak zein diren azalduko da. Zainketa aringarriekin, sedazio aringarriarekin, eutanasiarekin eta ahalegin terapeutikoa mugatzearekin lotutako gaiak ere jorratuko dira. Era berean, gaiaren inguruko dokumentazio gehiago eskainiko da eta informazio gehiago eskuratzeko baliabide ofizialak zeintzuk diren jakinaraziko da.

Lehenengo saio horren ondoren, 14 eguneko hausnarketa-aldia ezarriko da, eta, epe horretan, pertsona bakoitzak jasotako informazioa baloratu ahal izango du, eta bere dokumentazioa libreki eta kontzienteki prestatu.

Bigarren saioa, urriaren 21ekoa, laguntza pertsonalizatura bideratuta egongo da. Bertan, dokumentazioa berrikusiko da, sor daitezkeen zalantzak argituko dira eta Aurretiazko Borondateen Dokumentua erregistratzeko egin beharreko urratsei buruzko orientazioa eskainiko da.

Dokumentua tramitatzeko, bi saioetara joan behar da, biak informazio- eta laguntza-prozesu bakar baten parte baitira.

Interesatuek Ermuko Osasun Zentroan eman beharko dute izena. Plazak mugatuak dira, eta gehienez 20 parte pertsonek hartu ahal izango dute parte.

Herritarrei Aurretiazko Borondateen Dokumentuari buruzko informazioa helaraztea eta hausnarketarako eta laguntzarako espazio bat eskaintzea da ekimen honen helburua, pertsona bakoitzak bere osasun-lehentasunak modu informatuan eta norbere baloreekin eta erabakiekin bat etorriz jasota utz ditzan.

Lotutako albisteak

Imagen
08.10.26
‘Ermua, Hiri Adeitsua Adinekoekin’ proiektuak 10 urte bete ditu adin guztientzako Ermua baten alde lanean

Talde Eragileak hamar urteko lana eta parte-hartzea ospatu ditu, eta adinkeriaren aurkako borroka jarri du erdigunean
Imagen
27.05.26
Zailtasun soziosanitarioak dituzten pertsonentzako laguntza-lerroa ireki berri da

Etxebizitzak birgaitu edo egokitzeko eta etxeko ekipamendua erosteko laguntzak dira, hileko diru-sarreren arabera