Ermua Antzokiak kultur programazio indartsua aurkeztu du 2025eko urtarrila-maiatza bitarterako

05.12.24
Kultura eta Gazteria
Ermua Antzokia
María José Llergo, Jon Maia, Olivia Molina eta Aitziber Garmendia protagonista dituzten 18 ikuskizunetarako sarreren salmenta abenduaren 12an, osteguna, hasiko da

Ermuko Udaleko Kultura Sailak Ermua Antzokiak 2025eko urtarriletik maiatzera bitartean eskainiko dituen zuzeneko ikuskizunen egitaraua aurkeztu du. Proposamenak 18 emanaldi biltzen ditu guztira, eta horien aniztasuna eta kalitatea nabarmentzen dira, Ermua eskualdeko kultur erreferente izaten jarraitzeko.

Programazio berriak hamar musika emanaldi batzen ditu, eta bertan lehen mailako hainbat izen nabarmentzen dira: María José Llergo abeslari andaluziarra, estilo bakar eta sakonagatik ezaguna; Muerdo musikari murtziarra, mestizaje musikalez jositako proposamenarekin; Merino bikotearen pop freskoa; Jon Maiaren Kantu berri bat gara proiektu zirraragarria, edota Korrontzi folk taldea, Alboka Musika Eskolako Bandak lagunduta etorriko dena.

Atal eszenikoan eskainiko diren zortzi obretan, azpimarratzekoak dira Luisa Martín eta Olivia Molina aktoreak, Malditos tacones antzezlanarekin ikuskizun ederra emango dutenak; Arizona euskarazko komedia, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiarekin; María Goiricelaya zuzendari ospetsuaren Ni flores, ni funeral, ni cenizas ni tan tan muntaia berria, edo Las niñas de Cádiz konpainia andaluziarraren Las bingueras de Eurípides barrez lehertzeko moduko komedia.

Haurrentzako ikuskizunek ere lekua izango dute agendan, besteak beste, Goazen 11.0 musikalarekin, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren Ostirala iritsi da! ikuskizun berriarekin, eta Scrooge eta Mamuak, Dickensen Gabonetako ipuin klasikoaren egokitzapenarekin, Khea Ziaterren eskutik.

Kalitatea mantentzeko eta publiko guztien interesei erantzuteko arreta handiz diseinatu da egitarau berria, eta hizkuntzen artean oreka du helburu: 7 emanaldi euskaraz izango dira, 7 gaztelaniaz eta 4 beste hizkuntza batzuetan. Artisten jatorriari dagokionez, 9 lan euskal konpainia edo artistenak dira, 7 estatukoak eta 2 nazioartekoak. Bestalde, aipatzekoa da egitarauak ikuskizun komikoak nahiz dramatikoak biltzen dituela, baita hainbat musika-estilo ezberdin ere, hala nola popa, folka, bluesa, musika klasikoa, egile-abestia edo flamenkoa.

Beatriz Gamiz alkateak azpimarratu duenez, "programazio hau Ermuak kulturarekin duen konpromisoaren isla da, tresna eraldatzaile eta kohesio sozialaren eragile bezala duen indarra aintzat hartuz. Ekintza hauen bitartez, entretenitzea ez ezik, komunitate gisa konektatzea, hunkitzea eta hausnartzea nahi dugu".

Ikuskizun guztietarako sarrerak Lobiano Kultur Gunean eta Kutxabanken webgunean egongo dira eskuragarri abenduaren 12tik aurrera, osteguna, goizeko 9:00etatik hasita.

Dokumentuak

Bideoak

URL de Video remoto

Lotutako albisteak

Imagen
16.01.25
Gabon Haur parkean 2360 sarreratik gora izan dira azken edizioan

Azken edizioan, batez beste, berrehun eta hirurogeita hiru sarrera eman dira eguneko
Imagen
15.01.25
Blues musika zuzenean 'The Fake Cousins' taldearekin

Larunbat iluntzeko 8etan Lobianon; sarrerak 10 €uro
Imagen
15.01.25
Giacomo Pucciniren 'Turandot' operaren proiekzioa

Ermua Antzokian ostiral honetan, 20:30etan, sarrerak 8 eurotan