Euskadin tigre-eltxoa zaintzeko eta detektatzeko programa aktibatu da

08.07.25
Erakundea
Ingurumena
Gizartea
Ermuan intsektuaren arrautza oso gutxi aurkitu dira, baina lagundu egin behar dugu eta ez dugu ura pilatzen utzi behar

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak (NEIKER) eta euskal udalek, aurten ere, herritarrei dei egiten diete tigre-eltxoaren hedapena prebenitzen eta geldiarazten laguntzeko.

Eltxo hori beltza da, txikia (5mm inguru), eta lerro zuri bat du buruan eta toraxean. Eguneko jarduera du, eta, beraz, egunean zehar ziztatzen dute, eltxo autoktonoek ez bezala, gauez egin ohi baitute. Gainera, ohikoa da hainbat aldiz jarraian egitea. Tigre-eltxoaren ziztadak mingarriagoak izan daitezke eta erreakzio bizia eragin. Horregatik, komeni da ingurua urarekin eta xaboiarekin garbitzea, eta hotza ematea, hantura geldiarazteko eta azkura arintzeko. Erreakzioa oso handia bada, ondoeza edo arnasa hartzeko zailtasuna sortzen badu, osasun-zerbitzuetan kontsultatu behar da.

2013tik, Euskadin Tigre Eltxoa Detektatzeko Zaintza Programak egiaztatu du EAEko 70 udalerritan dagoela, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan. Eltxo-emeak erakartzen dituzten hiri-eremuetan eta hiri-inguruetan tranpak jarri ondoren, laginketa bat egiten da arrautzak uzteko. Lagin horiek aztertuta, espezie inbaditzaile horren presentzia eta banaketa hauteman daiteke.

Zaintza-planak 68 laginketa-eremu hartzen ditu 2025ean, 46 udalerritan: 9 Araban, 20 Bizkaian eta 17 Gipuzkoan. Zaintza ekainaren lehen astean hasiko da, eta aurtengo azaroaren 7ra arte luzatuko da, tigre-eltxoaren jarduera handieneko aldia barne.

Gomendioak

Herritarren laguntza, udal-zerbitzuen lanarekin batera, funtsezkoa da tigre-eltxoaren hedapena geldiarazteko, batez ere haren ugalketa eragozten duten neurriak hartuz. Eltxoek ur kantitate txikiak behar dituzte arrautzak jartzeko; horregatik, eraginkorrena hazkuntza-foku horiek kentzea da, gure etxeetan eta hiriguneetan ura pilatzea saihestuz.

  • Drainatze-eremuetan (inbornalak eta estoldak) eta teilatuetako erretenetan ura ez gelditzea.
  • Ura etengabe atxikitzen duten zuloak estaltzea.
  • Astean bitan hustu ura pilatzen duten ontziak: loreontzietako platerak, pitxerrak, kuboak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.
  • Gure animalien edalekuetako ura 2 edo 3 egunetik behin berritzea. Hustubideetan ura botatzea astean behin gutxienez, geldialdia saihesteko.
  • Leihoetan, biltegietan, ontzietan eta abarretan eltxo-sareak erabiltzeak eltxoa sartzea eta arrautzak erruntzea eragotz dezake.

Aurten, bereziki nabarmendu da eta kartelak jarri dira kumeak izateko probabilitate handiagoa duten hiriguneetan, hala nola baratzeetan eta hilerrietan, ur-metaketa gehiago gerta baitaitezke.

Herritarrek lankidetzan jardun dezakete Eltxo Alert aplikazioaren bidez. Plataforma horren bidez, eltxoaren berri ematen da eltxoa bazela ez zekiten lekuetan, haren banaketa eguneratzen da edo jarraipena hobetzen da. Eltxoa geolokalizatu, argazki on bat atera eta aplikaziora bidaltzean datza: https://www.mosquitoalert.com/

Informazio gehiagorako 

https://www.euskadi.eus/web01-a2ingsan/eu/contenidos/informacion/mosquito_tigre/eu_def/index.shtml

Lotutako albisteak

Imagen
15.07.25
Udalbatzak gaur ezohiko Osoko Bilkura izango du

Gai-zerrendak hamalau puntu ditu; horien artean, kredituak gehitzeagatik aurrekontua aldatzea, Lobiano erabiltzeko erregelamendua, 2025eko Lanpostu Zerrenda aldatzea edo erakundeko euskara normalizatzeko plan estrategikoa onartzea
Imagen
10.07.25
Azaleko minbizia prebenitzeko modurik onena, eguzkitik babestea da

Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta herriko boluntarioak informazioa eta gomendioak emango dituzte gaur Betiondon
Imagen
09.07.25
‘ZainSare’ programaren hiru udalerri pilotuetako bat izango da Ermua

Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu du gaur, Arrasate eta Amurriorekin batera