Helduentzako irakurketa klubetan izena emateko epea zabalik

02.09.25
Udal Liburutegia
Euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko, frantsesezko, komikietako eta adimen emozionaleko taldeak eratuko dira

Ermuko Udal Liburutegiak helduentzako euskarako, gaztelaniako, ingeleseko, frantseseko eta adimen emozionaleko irakurketa-klubetan parte hartzeko izena emateko epea ireki du.

Aldez aurretik liburu edo irakurgai bera irakurri duten 15 edo 20 lagunek osatzen dute irakurle-kluba. Irakurleak testuaz mintzatzeko biltzen dira: iruzkinak egin, iritziak eman, irakurketan bizitakoa adierazi, obraren testuinguruaz mintzatu, gaiaz, autoreaz, eta abarrez hitz egiteko. Klubak ikasteko eta sozializatzeko gune dira batez ere. Liburutegiaren egitekoa partaide guztientzat liburu edo testuak lortzea eta banatzea izango da. Kasu guztietan saioak pertsona adituek dinamizatzen dituzte. 

Talde guztien lehen saioa urrian izango da. Ingelesezkoa eta frantsesezkoa bi hilean behin bilduko dira urria eta ekaina bitartean - ingelesezkoa asteartetan eta frantsesezkoa ostiraletan. Gaztelaniazko, euskarazko, komikien eta adimen emozionaleko irakurketa klubak hilean behin bilduko dira, urritik maiatzera. Gaztelerazko klubaren bilerak asteazkenetan izango dira, euskarazkoak eta adimen emozionalekoak ostegunetan eta komiki klubarenak astearteetan.

Irakurketa klub guztiak Lobiano Kultur Gunean bilduko dira, 19:00etatik 20:30etara, adimen emozionalekoa izan ezik; hau liburutegian bilduko da 9:30etik 11:30era.

Urrirako aurrekusitako irakurketak honakoak dira:

  • Euskarazko irakurketa kluba: “Zoo” (Goiatz Labandibar)
  • Gaztelerazko irakurketa kluba: “Hozuki, la librería de Mitsuko” (Aki Shimazaki)
  • Ingelesezko irakurketa kluba: “84 Charing Cross Road” ((Helene Hanff)
  • Frantsesezko irakurketa kluba: “Les hirondelles de Kaboul” (Yasmina Khadra)
  • Komikien irakurketa kluba: “Rosalie Blum” (Camile Jourdy)
  • Adimen emozionaleko irakurketa kluba: “A solas: descubre el placer de estar contigo mismo” (Silvia Congost)

Jarduera doakoa den arren, aldez aurretik izena ematea eskatzen da, onar daitekeen partaide kopurua 20 pertsonara mugatua delako talde bakoitzean.

Parte hartu nahi duten pertsona guztiek, nahiz eta aurreko denboraldietan parte hartu izan, liburutegira deitu behar dute, bertako 943 17 92 12 telefono zenbakira, WhatsAppez (https://wa.me/34943179212) edo biblioteca@udalermua.net e-postontzira idatzi eta euren datu pertsonalak bidali (izen-abizenak, liburutegiko bazkide-txartelaren zenbakia, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa). Tokiak izen-emate hurrenkeraren arabera esleituko dira taldeak osatu arte.

Plaza lortzen dutenek saio guztietara joateko konpromisoa hartzen dute. Bi saiotara ez joateak plaza galtzea ekarriko du, itxarote-zerrendan norbait egonez gero. Gainera, liburutegiak antolatutako beste jarduera batean izena ematen badute, erreserba-zerrendara pasatuko dira zuzenean.

Lotutako albisteak

Imagen
23.02.26
Liburutegiak haurrentzako tailer berria antolatu du eta izen-emateak ireki

'Natura zure eskuan' titulua du eta izen-emateak martxoaren 2ra arte zabalik
Imagen
20.02.26
Kulturak XXXII. Ermua Hiria literatur lehiaketa deitu du

Lanak maiatzaren 3ko 23 orduak arte aurkeztu ahal izango dira
Imagen
12.02.26
Tailerrak, zozketak eta erakusketak ardatz izango dira komikiaren hiruhilekoan

Otsailetik apirilera komiki eta nobela grafikoak sustatuko dira irakurketa material gisa