Izen-emateak zabalik 3 eta 8 urte arteko haurrentzako irakurketa taldeetarako

28.01.25
Imagen
Udal Liburutegia
"Liburuak familian" eta "Liburuez gozatu" ekimenak hiru saiotan garatuko dira otsailetik apirilera bitartean

Ermuko Udal liburutegiak haurrei eta euren familiei zuzendutako bi irakurketa talde antolatu ditu datozen hilabeteetarako.

Lehenengoak Liburuak familian du izena, eta 2020 eta 2022 urteen artean jaiotako haurrentzako jarduera ludiko eta didaktikoa da. Txikiek aita, ama edo tutorea izango dute alboan, eta helduek ere aktiboki parte hartuko dute saioetan. Ekimeneko protagonista liburua da, eta narrazioak, abestuak, jolasak eta poemak izango dira, besteak beste, saioetako ardatz nagusia. Haurrekin batera gerturatzen diren pertsona helduentzat interesgarria izango da haiekin batera irakurtzeko modu ezberdinak ikusi eta entzutea eta, azken finean, liburuak familian gozatzea.

Bigarren taldea Liburuez gozatu da, eta 2017, 2018 eta 2019 urteen artean jaiotako umeei eta haien aita, ama edo tutoreari zuzendutako irakurketa kluba da. Liburuak familian ekimenaren jarraipena da, eta irakurketaren mundura hurbiltzea du helburu. Saio bakoitzean hainbat liburu izango dira mintzagai, eta bertaratzen direnek liburuek eskaintzen dituzten aukera guztiak ezagutzeko eta eurekin gozatzeko parada izango dute. Haurrek beste partaide guztientzako kontalari izan ahalko dute, eta saioetan zehar liburuak gomendatuko dira.

Bi klubak, Liburuak familian eta Liburuez gozatu, hiru saiotan burutuko dira, hiru larunbatetan, Lobiano Kultur Gunean: otsailaren 15ean, martxoaren 15ean eta apirilaren 12an. Liburuak familian 11:00etatik 12:00etara izango da, eta jarraian, 12:15etik 13:15era, Liburuez gozatu. Bi ekimenak Lur Kortak dinamizatuko ditu.

Jarduerak doakoak dira, baina plaza kopurua mugatua denez,otsailaren 11 baino lehen izena eman beharko da online galdetegi hau beteta.

Izen-emate eskaerek plaza kopurua gainditzen badute, tokiak zozketa bidez esleituko dira, eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatutakoek eta aurreko urtean haurrentzako irakurketa taldeetan parte hartu ez dutenek. Onartutako pertsonen zerrenda otsailaren 12an argitaratuko da Udal webgunean, eta izena ematen duten pertsona guztiei helaraziko zaie e-posta bidez.

Lotutako albisteak

Imagen
05.06.25
‘Ehuntzen eta Hitz egiten’ tailerretako kideek egindako lanak ikusgai jarri dituzte

Lanak Liburutegian egongo dira ikusgai ekainaren 12ra arte eta 9: 00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango
Imagen
19.05.25
Zubi-Ondo enpresaren dokumentazio historikoa gehitu eta eskaintzen du Bertako bildumak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du
Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean