Photocall-a, zozketak eta mahai-jokoak Liburutegien Eguna ospatzeko

23.10.24
Udal Liburutegia
Jarduera guztiak ostegun honetan, urriak 24, izango dira Ermuko Udal liburutegian

Ermuko Udal Liburutegiak aurten ere Liburutegien Eguna ospatuko du ostegun honetan, urriak 24. Oraingo honetan adin guztietako pertsonentzako bi ekimen antolatu dira. Alde batetik, eta izaera guztiz irekiarekin, egun osoan zehar photocall-a eta atrezzoa izango dira liburutegiko instalazioetan, tarte dibertigarri bat igaro nahi duten pertsona guztiek posatu eta argazkiak atera ditzaten. Egunean zehar liburutegiko WhatsAppera https://wa.me/34943179212 bidaltzen diren argazki guztien egileek liburuen zozketan parte hartuko dute.

Bestalde, arratsaldean, 17:30etatik 19:30etara, Odisea Elkarteak dinamizaturik, Mahai-joko mahai-goxo tailerra egingo da. Bertan, aldez aurretik izena eman eta plaza lortu duten pertsonek askotariko mahai-jokoetan jolasten ikasi eta jolastuz gozatuko dute.

Liburutegiak, etorkizun iraunkorraren alde

Liburuaren, Komikiaren eta Irakurketaren Zuzendaritza Nagusiak deitu du Liburutegien Eguna ospatzeko gonbidapena ostegun honetarako, urriak 24, Liburutegien Koordinaziorako Zuzendariordetza Nagusiaren bitartez.

2019 urteaz geroztik, Publiko guztientzat egokiak lelo orokorra darama ospakizunak, eta 2024. urte honetarako, gainera, Etorkizun iraunkorraren alde esaldia gehitu zaio. Horrek liburutegi-tipologia guztiek 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lortzeko betetzen duten funtsezko eginkizuna nabarmendu nahi du.

"Liburutegiak gizarte-aldaketako eragileak dira, eta aktiboki laguntzen dute GJHak lortzen, ezagutzarako, berdintasunerako, inklusiorako eta garapen iraunkorrerako sarbidea sustatuz. Gero eta interkonektatuago dagoen mundu honetan, bere zeregina inoiz baino garrantzitsuagoa da gizarte bidezkoagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko", adierazi du Beatriz Gamiz alkateak.

Izan ere, liburutegiek, beren bilduma, zerbitzu eta jardueren bidez, gero eta informazio hobea, berdintasunezkoagoa, solidarioagoa eta bidezkoagoa duen gizartea eraikitzen laguntzen dute. Kalitatezko hezkuntza eta genero-berdintasuna sustatzen dituzte.

Erakunde demokratikoak diren aldetik, herritarrek parte hartzeko gune irekiak dira liburutegiak, eta horietan topaketarako, iritziak eta ezagutzak trukatzeko eta ideia eta proiektu berriak abiarazteko gune bat bilatzen dute.

Era berean, liburutegiek arrakala digitala murrizten laguntzen dute, teknologia berrietarako sarbidea eskainiz.

Lotutako albisteak

Imagen
24.11.25
Larunbat honetan ipuin kontaketa saioa egingo da Liburutegian

Saioa euskaraz izango da eta 17:30ean hasiko
Imagen
12.11.25
‘Euskal Ilustrazioaren Lehen Eguna’

Liburutegiak ospatzeko saio berezi bat antolatu du irakurketa tematikoko klub horretan
Imagen
28.10.25
Jolastuko dugu? Haurrentzako txotxongilo tailerra

Liburutegiak antolatuta 2016 eta 2018 urteen artean jaiotako adingabeentzat