Udal liburutegi berrituak martxoan zabalduko ditu ateak

Ermuko Udal liburutegi zerbitzua berriro Teresa Murga eraikinera lekualdatzeko egunak kontatzen hasi da jada. Espazioak handitzeko, hobetzeko eta birbanatzeko hainbat hilabetetako lanen ondoren, instalazio berriek martxoan zehar irekiko dizkiete ateak herritarrei. Aste honetan hasiko dira liburutegi-funts osoa enbalatzen, lekualdatzen, berriz etiketatzen eta sailkatzen, bai eta gune berrietako postu guztiak garbitzen eta prestatzen ere. Horrek esan nahi du Lobiano Kultur Guneko beheko solairuak liburutegi-zerbitzuak emateari utziko diola otsailaren 14tik aurrera, asteazkena. Aurreikusitako itxiera epea hilabete ingurukoa izango da.
Gogorarazi nahi dizuegu liburutegiko ikasgeletako erabiltzaileek Tecnoteka zerbitzua erabil dezaketela Izarra Centren, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 21:45era, eta asteburuetan eta jaiegunetan 09:00etatik 21:45era. Tecnoteka Izarra Centreko lehen eta bigarren solairuetan dago, eta 16 urtetik gorakoei ikasteko leku bat eskaintzea du helburu, banaka edo taldeka lan egin ahal izateko.
Aldaketak mailegu eta itzulketen sisteman
Liburutegia laster itxiko denez, erabiltzaileen artean sor daitezkeen zalantzak argitzeko, zerbitzuak honako hau jakinarazten du:
- Otsailaren 14ra, asteazkena, arte, maileguan har daitezkeen liburuen gehienezko kopurua handitu egingo da, baita material horiek itzultzeko data ere, liburutegi-instalazio berriak inauguratu ostera.
- Itxierak/lekualdaketak irauten duen bitartean egin nahi diren itzulketetarako, kutxa-postontzi bat jarriko da Lobiano Kultur Guneko harrera-lekuan.
- Liburutegien arteko mailegu-eskaeren zerbitzua eten egingo da zerbitzua berriz ireki arte.
- Bermatuta geratzen da ikastetxeetako irakasleek eskatutako liburuen hornidura, ikasleek irakurtzen jarraitu dezaten.
- eLiburutegiaren formatu digitaleko liburuen maileguak martxan jarraituko du.
Espazio berriak guztientzat
Herritarren beharrei eta gizartearen erronka berriei erantzunez, Ermuko Udal liburutegiak Teresa Murga eraikinaren bi solairu osotan banatutako instalazio zabalak izango ditu martxotik aurrera. Lehenengo solairua haur eta gazteentzako eta, oro har, irakurleentzako izango da; izan ere, "bebeteka" gela bat (0-4 urte), haurrentzako irakurketa-gunea (5-11) eta gazteentzako gunea (12-16) izango ditu. Haur-gazte literatura zein helduentzako irakurketak solairu honetan aurkitu ahal izango dira, momentuan bertan irakurtzeko edo maileguan eramateko.
Liburutegiaren bigarren solairuari dagokionez, bere funtzionalitate nagusia ikastekoa izango da. Mahai luzeak izango ditu ikasteko asmoz gerturatzen diren pertsonentzat, eta gela itxiak 2, 4 edo pertsona gehiagoko taldeetan lan egiteko. Solairu honetako funts bibliografikoa teknikoagoa izango da, gai zehatzagoei buruzko materialekin. Hemeroteka gune bat ere izango du aldizkariak eta prentsa irakurri ahal izateko.
Bi solairuak irisgarriak dira hall nagusitik, liburutegi barruraino iristen den igogailu batekin.
Lotutako albisteak

Hamar taldek parte hartu eta joko dute maiatzaren 10ean, Orbe Kardinalaren eta Martxoak 8 plazetan eta kalean

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean