Yogarte Samskara"’ haurrentzako esperientziaren bigarren edizioa egingo
Liburutegiak izena emateko epea ireki du "Yogarte Samskara" haur tailerraren bigarren edizioan parte hartzeko. Yoga, euskara, haur literatura, gorputz adierazpena eta arte plastikoak uztartzen dituen esperientzia da hau. Aipaturiko diziplinen arteko harremanari esker, parte hartzaileei arreta-prozesuan, emozioen autoerregulazioan, sormenean eta ingurunearekiko harremanean lagun dakieke, errespetuzko begirada sentikor batetik.
Yogan, ‘Samskara’ filosofiaren arabera esperientziek, pentsamenduek eta ekintzek gure buruan eta gorputzean uzten duten arrastoari dagokie. ‘Yogarte Samskara’k kontzeptu hori hartzen du haurrei espazio bat eskaintzeko, non jolasaren, artearen eta mugimendu askearen oroitzapenak edo aztarnak erein ahal izango dituzten, ahaleginetik eta exijentziatik kanpo.
2017an eta 2018an jaiotako haurrentzat hamar saio egingo dira, euskaraz emango eta bakoitza ordubete eta 15 minutu iraungo. Saioak astelehenetan izango dira, 17:30etatik 18:45etara, liburutegiko hirugarren solairuan. Datak honako hauek izango dira: otsailaren 2a, 9a eta 23a; martxoaren 2a, 9a, 16a eta 23a, eta apirilaren 13a, 20a eta 27a.
Lekuak mugatuak dira eta izena urtarrilaren 28ra arte eman daiteke ondorengo agiriaren bidez: https://goo.su/TaRQ65. Lekua lortzen dutenek saio guztietara joateko konpromisoa hartzen dute.
Bi saiotan kale egiteak plaza galtzea ekarriko du, itxarote-zerrendan daudenen mesedetan, halakorik balego. Eta, era berean, erreserba-zerrendan geratuko da liburutegiak antolatutako eta izen-ematea duen hurrengo jardueretan.
‘Yogarte Samskara’ren ezaugarriak
Saio bakoitza hezkuntza esperientzia zentzu aniztuna da, non gorputza, hitza, soinua eta sorkuntza plastikoa ikasteko bide bihurtzen diren. Yoga, haur-literatura eta artearen bidez, haur-etapako funtsezko gaitasunak lantzen dira: gorputz-kontzientzia, adierazpen emozionala, arreta, sormena, enpatia eta ingurunearekiko harremana.
‘Yogarte Samskara’n erabiltzen diren materialak arreta handiz eta hezkuntza-helburu batez aukeratzen dira, ingurune atsegin eta bizigarri sortzeko helburuaz, non haur-literatura zutabe nagusietakoa den. Elementu naturalak edo birziklatuak, akuarelak, ehunak eta objektu sinboliko txikiak, Tibeteko ontziak, hazi-zintzilikarioak, musika eta abestiak euskaraz erabiliko dira.
Ekimen honen onurak hainbat dira: gorputz-kontzientzia garatzea eta norberaren mugekiko errespetua; sormena eta irudimena estimulatzea gorputzaren eta artearen bidez; norbere emozioak erregulatzen sustatzea, lasaitasuna eta autoestimua indartzea, epaietatik libre diren espazioen bidez. Gainera, balio unibertsalak transmitituko dira, hala nola errespetua, aniztasuna eta natura eta ingurunea zaintzea.
Izen-emateak dauden lekuak baino gehiago badira, horiek zozketaz esleituko dira eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatuta daudenek. Onartutakoen zerrenda otsailaren 29an argitaratuko da udalaren webguneko iragarki-taulan, eta posta elektronikoz jakinaraziko zaie izena eman duten guztiei.
Lotutako albisteak
Liburutegiak bigarren deialdi honetarako izen-ematea ireki du, hilaren 28ra arte
Lobianon datorren larunbatean, 20:00etan
Bata hiru eleduna, "Family Reading Time" eta, bestea gazteleraz, "Entre libros"