Emakumeen Topalekua
Ermuko Emakumeen Topalekua 2003ko martxoan sortu zen, eta Euskal Herrian eratutako mota honetako lehenengo espazioa izan zen.
Ermuak beti ulertu izan du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko beharra, eta horregatik, berdintasunaren alde borrokatu izan da azken hamarkadetan.
80ko hamarkadan zehar tratu txarren biktima ziren eta gizarteko desberdintasun larriak pairatzen zituzten emakumeei arreta egokia emateko baliabideen eskaera handia egon zen.
1987an, Ermuak emakumeentzako informazio bulegoa eta harrera etxea jarri zituen abian. Geroago, 1991n, Emakumeen eta Gizonezkoen arteko Aukera Berdintasunerako Saila sortu zen, berdintasuna sustatzeko eta emakumeen diskriminazio egoerak ezabatzeko.
Gauzak horrela, 2003an Emakumeen Topalekua sortu zen, emakumeek eta gizonek parte hartzen duten berdintasunerako gune gisa. Herriko Berdintasun Alorretik bultzatzen den zerbitzua da, eta emakumeen partaidetza soziala eta politikoa sustatzeko helburuarekin sortu zen, ahalduntze prozesu desberdinen bitartez.
Ermuko Emakumeen Topalekuak gizarteratzea, hezkuntza eta herritarren trebakuntza garatzen ditu. Eremu pribatuaren eta publikoaren arteko zubi lana egiten du, emakumeak espazio publikoetara sar daitezen eta haiek okupa ditzaten ahalbidetuz, modu tradizionalean ezarritakoa hautsiz.
