Ermua Antzokiak udazkeneko egitaraua aurkeztu du 20 ikuskizun baino gehiagorekin
Ermua Antzokiak gaur aurkeztu du 2025eko irailetik abendura bitarteko kultur programazio berria. Proposamen anitza eta kalitatezkoa da, publiko guztientzat pentsatutako antzerki, musika, dantza, zirku eta operako hogei ikuskizun baino gehiago biltzen dituena.
Beatriz Gamiz alkateak azpimarratu duenez, "Antzokia espazio eszeniko bat baino askoz gehiago da: topagune bat da, elkarbizitzarako eta emozio partekaturako. Programazio honekin kultura irisgarri, kalitatezko eta herritarrengandik hurbil baten aldeko apustu garbiarekin jarraitzen dugu".
Programazio anitza gustu guztietarako
Hainbat diziplina eta estilotako 22 ikuskizunek osatzen dute Ermua Antzokiaren programa berria. Egitaraua irailean hasiko da bi hitzordu garrantzitsurekin: Giuseppe Verdiren Nabucco operaren proiekzioa eta ¡Qué fantástica esta fiesta! umorezko antzezlana, Raffaella Carràren erritmora egindako ospakizuna izango dena.
Urrian, musika izango da protagonista Antoñito Molinaren kontzertuarekin, A la aventura tour biraren barne; El Twanguero mundu mailako gitarra-jotzailea; eta Depol fenomeno gaztea, arrakasta-zerrendetan ageri dena. Antzerkiari dagokionez, Yasmina Rezaren Artea eta Toni Acosta protagonista duen Una madre de película obrak izango ditugu ikusgai Ermuan. Familientzako proposamenak ere izango ditugu, hala nola, Ene Kantak taldearen Bisonte-Mastodontearen bila.
Azaroa Yllanaren War Baby umore antibelizistarekin, Olaia Inziarteren ahots intimo eta kritikoarekin, Bertso Jaialdi tradizionalarekin, Santa Zezilia Jaialdiarekin eta Tanttakaren Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan antzezlanekin osatuko da.
Abenduan, programazioari amaiera emateko, Los perros taldearen dantza garaikidea (Ojo Crítico 2024 saria), Santero eta Los Muchachos taldearen rock pausatua, Alberto San Juanen Macho grita antzerki musikala, The 44 Dealers taldearen bluesa eta Chipi La Canallaren musika eta umorea izango ditugu. Gainera, Semaforoa eta ZKZ zirku topaketa bezalako proposamen familiarrak ere izango ditugu urteari agur esan aurretik.
Kultura guztiontzat
Sarrerak irailaren 10etik aurrera erosi ahal izango dira BBKren orotariko kutxazainetan, www.bbk.es webgunean eta Lobiano Kultur Gunean bertan, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:00etara.
Alkateak kultur denboraldi berri honetaz gozatzeko deia egin die herritarrei: "Antzokiak elkarrekin bizitzeko, deskubritzeko eta hunkitzeko gunea izaten jarraitzea nahi dugu. Udazken honetan, kultura zain dugu Ermuan".
Lotutako albisteak
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean
Karteldegiaren erdian dira ‘The Mastermind' eta ‘Los domingos' estreinuak
Mar-Mar Teatrok taularatuko du larunbatean, arratsaldeko 5etan