Lehiaketaz aukeratuko da liburutegiaren irudi grafikoa
Udal liburutegiak lehiaketa deitu du zerbitzuaren irudi berria irudikatuko duen diseinu grafiko edo logotipoa aukeratzeko asmoz. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du eskudirutan. Epaimahaiak kontutan hartuko dituen irizpideen artean proposamen argiak eta ulerterrazak izatearena daude eta, baita ere, irakurmenarekin eta liburutegiarekin asoziatzeko duen gaitasuna. Lehiaketan parte hartu ahal izango dute 1990. urtea baino lehenago jaio diren guztiek. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, hiru proposamen aurkeztu ahal izango ditu. Proposamenek originalak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketan saritu gabekoak izan behar dute. Lanak otsailaren 28ra bitartean aurkeztu ahal izango dira. Lehiaketarako berariazko epaimahaia eratuko da, liburutegiko eta kultura alorreko langileek osatuko dutena. Epaimahai horrek bere erabakia ezagutaraziko du datorren martxoaren 7an, egun horretan bertan web-gune honetan eta liburutegiko iragarki-oholean argitara emanez.
Koloretako eta zuri beltzezko proposamenak DIN-A4 orrian aurkeztu beharko dira. Lanak tamaina zehatz bat izan beharko dute; gutxienekoa 5x5 cm eta gehienezkoa 10x10 cm delarik. Dena den. Horrek ez du esan nahi proposamenak laukiak izan behar dutenik, forma eta teknika egileak aukeratzekoak baitira. Halaber, diseinu grafikoan gehien erabiltzen diren programa informatikoren batean ere eginak badaude, CDan ere aurkeztu ahal izango dira. Irudi edo marrazkiari azalpen txiki bat erantsiko zaio, ulertzen laguntzeko. Parte hartzaileek gutunazal itxi batean bere datuak adierazi beharko dituzte. Proposamenak zuzenean liburutegian entregatu daitezke edota bertara bidali postaz. Helbidea ondokoa da: Udal Liburutegia, Goienkale z/g Ermua 48260. Logotipo irabazlea udal liburutegiaren jabetzara pasako da, honek hori erabili, argitaratu eta hatzeko eskubide guztiak izango dituelarik.
Lotutako albisteak
Kultura Ministerioak gure liburutegiaren lana aitortu du, «Cuando la biblioteca acompaña no estás sola» izeneko hautagaitzari saria emanez
«Arratsaldean kontu kontari» programak hiru saio eskainiko ditu urritik abendura bitartean, 2018 eta 2023 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta. Parte hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik tokia erreserbatu beharko da
Liburutegiak haur eta familia irakurketa kluben beste edizio bat jarriko du abian. Ipuinez eta liburuez elkarrekin gozatzeko eta txikitatik irakurtzeko zaletasuna sustatzeko proposamena