‘Kiroldegiaren pintxoa, 4. lehiaketako irabazlea
Kiroldegiko Kafetegiak Ermuko 4. pintxo lehiaketako txapel ofiziala eskuratu du. Mariano Garcíaren ‘udako ametsa’ izeneko konposizioa saridun suertatu da. Pintxoak ondoko osagaiak zituen: fruta gelatinizatuak, berakatza eta langostinoa. Bigarren postua Giroa Kafetegiak, lortu du ‘Nabigatzen’ izenekoarekin: barkiloa, langostinoa eta urdaiazpikoarekin. Hirugarren eta azken aipamena, ‘Zutik garagardotegiarentzat izan da, ‘alemanita’ izeneko jakiarengatik. Bere osagarriak saltxitxa, kipula, bacona eta gazta. Lehiaketa bart gauean erabaki zen, epaimahaiko kideek establezimendu guztiak bisitatu ondoren. Epaimahaiak pintxo guztiak dastatu zituen eta bakoitzaren presentazioa, egitura eta zaporea baloratu. Epaimahaia José Manuel Rodríguezek, Bergarako ‘Tartufo’ jatetxeko sukaldaritza buruak eta Lobianoko kidea den Jesus Portugal Agirrek osatu zuten. Azken honek, hitzartutako sukaldari baten ordez jardun zuen, hark ezin izan baitzuen etorri. Orain herritarren iritzia besterik ez zaigu falta, bozka lehiaketaren arabera aurtengo edizioko txapelduna ezagutzeko. Bakoitzaren ustez pintxo onenaren alde bozkatu nahi dutenek, oraindik garaiz daude. Web-gune honen bidez egin dezakete gaurko gaueko hamabiak bitartean edo, bestela, bihar goizean, azokan ezarrita egongo den hautestontzian.
‘Lobiano Elkarte gastronomikoko kideek pozarren agertu dira pintxo lehiaketan ermuar ugarik parte hartu duelako eta lehian zenbiltzaten establezimenduetan jendetza ibili izan delako. Antolatzaileen batzordeko kide den Jesus Portugalek adierazi duenez jendearen parte hartzeak, ‘giro jatorra’ hedatzen lagundu dute. Partaidetza oso handia izan denaren erakusle da ondoko datua; establezimenduren batek egun bakarrean ia 200 pintxo eman baititu. Partaide guztien bataz bestekoa ehun unitatetik gora egoteak ere, horren adierazgarria da. Epaimahaiak adierazi duenez, irabazlea erabakitzea ez da batere erraza izan, ‘lehiaketara aurkeztu diren pintxo guztiak kalitatezkoak izan baitira’. Azkenean, epaimahaiak gure tabernatan pintxo legez aurkitzea ohikoa ez den proposamenaren aldeko postua egin zuten, prestatzeak lan izugarria daramalako’.
Gaur hitzaldia eta dastatze-afariak
Egitarauak jasotzen duenez gaurkoan bi izango dira ekitaldiak. Lehena, Josu Biritxinaga, Leioako Ostalaritza Eskolako irakasleak Txalaparta elkartean emango duen hitzaldia, arratsaldeko 8etan hasita. Biritxinagak ‘Sukaldaritza on baterako aholku zenbait’ emango ditu. Sarrera doakoa da eta plazak mugatuak dira, hogeita hamar pertsonentzat.
Ordu eta erdi beranduago hasiera emango zaie herriko Mendiola eta Batzoki jatetxeek prestatu dituzten dastatze-afariei. Bertaratu nahi duten guztiek, aldez aurretik jatetxean bertan izena eman beharko dute.
Bihar 50 erakusle azokan
Gastronomi Jardunaldien ekitaldi nagusiena, bihar goizean gauzatuko da Orbe Kardinalaren plazan. Bertan, berrogeita hamar erakusle bilduko dira beren produktuak aurkeztu eta ezagutarazteko. Horien artean ondokoak aurkitu ahal izango ditugu, beste batzuen artean: jatorrizko deitura duten hainbat ardo eta edari, ardo ekologikoak, txakolina, cavak, olioa, txerri haragia, onddoak, pateak eta gaztak. Arratsaldean, herriko elkarte gastronomikoen arteko bakailao txapelketa izango da eta, arratsaldeko zazpietatik aurrera txistorra salduko da € 1en truke. Ekimen hori, Santixauak-Xaguaclub.com herriko areto futbol taldeak antolatu du. Txistorraren salmentatik bildutako diru kopurua futbol talde horrek erabiliko du datorren denboraldiari aurre egiteko.
Lotutako albisteak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu