Udan Teresa Murgarako sarbideak aldatu egingo dira

07.07.06
Hirigintza

Datorren astetik aurrera Teresa Murgarako sarbideak bakarrik Iparragirre kaletik izango dira. Astelehenetik bertatik eraikinean kokatutako zerbitzuen erabiltzaileek bakarrik Iparragirre kaletik sartu ahal izango dira eta jada, ez Goienkaletik orain artean bezala. Betiko sarbide horiek itxi egingo dira Teresa Murga ikastetxe ohiko fatxada osorik errehabilitatzeko obrak hasiko direla-eta. Obra horiek Olabarri enpresak egingo ditu, 349.000 euroko kontratua berari esleitu baitzaio, eta lanak datorren uztailaren 10ean hasiko dira. Aldaketak udal liburutegi eta euskaltegiko, Helduen Hezkuntzako edo KZ Guneko zerbitzu eta erabiltzaileengan eragina izango du.

Udal obra eta lanetako lankideek buru belarri aritu dira aste honetan zehar ordezko sarbideak prestatu eta egokitzeko. Azken egunetan makineria eta galderak dauden gela ondotik pasabide bat prestatu dute, bertako kontrol-koadro eta sistemak babestu eta estaliz eta gela txukunduz. Astelehenetik aurrera erabili beharko den beste sarbidea gaur arte pertsona minusbaliatuak erabiltzen zuten igogailua da.Aldaketa horiek, iraileko lehenengo astelehenera arte gutxienez iraungo dute. Fatxadaren obra hau uda honetan egingo da erabiltzaileei ahal den eragozpenik gutxiena sortzeko asmoz.

Teresa Murga udalerrian eratuko diren kultur zerbitzu eta eraikin esanguratsuenen gunean integratzeko asmoa dauka planak. Hori horrela, udal bulego teknikoak landutako proiektuak bi aspektu hartu ditu kontuan, batetik, eraikinari emango zaizkion erabilera berriak eta, bestetik, kokatzen den eta bateratu nahi den gune kulturala.

Eraikina birmoldatzeko proiektua eta gunea urbanizatzeko proiektua ezberdinak dira. Lehenengoaren kasuan ondoko aspektuak hartu dira kontutan: funtzionaltasuna, bertaratzeko irisgarritasuna eta zerbitzuetara iristeko erraztasuna; materialen iraungarritasuna eta horiek mantentzeko erraztasuna. Oso kontutan hartu dira erabiltzaileak eta birmoldatze lanak egitean ahalik eta eragozpenik gutxien egin nahi da, zerbitzuok zabalik izango direlako. Proiektuak ondoko lanak hartzen ditu barne:

  1. Behe-solairuan eraikinak dituen bi eranskinak ezabatzea
  2. Leiho berriak jartzea
  3. Eraikinaren fatxada estaltzea
  4. Sarrera espazio ireki eta zabal batean bihurtzea
  5. Eraikinaren atzeko aldea hobetzea (ateak aldatu eta fatxada nibelatu)

Esan bezala, eraikina espazio ireki batean bihurtu nahi da, herritarren topagune izan dadin. Horregatik, sarrera ondoko eranskinak lurreratu eta ezabatu egingo dira. Horietan, gaur egun KZ gunea kokatzen da eta hori jada 2. solairura lekuz aldatu da eta, ezkerraldean dagoen ikus entzunezkoen gela Lomiñoneko kultur etxean integratuko da.

Fatxada guztiari leiho berriak ipiniko zaizkio. Berriak orain dituenaren aurretik jarriko dira eta ondorengo urbanizazio obra irauten duen denboran leihoa biak mantenduko dira, zarata gutxitzeko eta erabiltzaileei sor dakiekeen eragozpenak ere murrizteko asmoz. Leihook bitan banatuta egongo dira, beheko aldea fijoa izango da (hirigintza arauei jarraiki) eta goiko aldea mugitu eta ireki ahal izango delarik. Leihoak 180 angeluko gradutan jiratu ahal izango dira, barrutik eta arriskurik gabe kristalaren alde biak garbitu ahal izateko.

Jarraian fatxada estali eta egokitu egingo da sortu nahi den kultur gunera egokitzeko. Estalduran zeramikako materiala erabiliko da, eraikinaren aireztatzea ahalbidetzeko. Zeramikako piezak erabiltzeak mantenua erraztuko du, horrelako bat apurtu edo hondatuz gero, hori bakarrik erraz aldatu ahal izango baita. Eraikineko sarreran arkupe zabal eta librea prestatuko da, beira eta aluminioa erabiliz. Horretarako gaur eguneko burdin sareak eta erabiltzen ez diren aldagelak kendu egingo direlarik.

Lotutako albisteak

Imagen
11.06.24
Betiondoko aparkaleku berria jada zabalik

148 plaza ditu, horietako bi minusbaliatuentzat. Jada ez dugu aparkatu bidearen erreian, zirkulazioa noranzko bikoitza berreskuratu duelako
Imagen
20.05.24
Zubiaurre eta Zerukoa arteko igogailu publikoa urteko azken hiruhilekorako prest egongo

Gaur hasi dira eraikitzeko lanak zuinketa-aktarekin eta obraren hasierarekin
Imagen
17.05.24
Lomi Power aparkalekuan behin behineko esleipendun izan direnen zerrenda

Zerrenda astearte honetan abonatu erregimeneko autoentzat egindako zozketa publikoaren emaitza da