Ermuko trenbidea seguruago eta irisgarriago egiteko lehen urratsa
Ermuko trenbidearen segurtasuna eta auzoen arteko lotura hobetzeko bidean beste urrats bat eman da. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren mendeko Euskal Trenbide Sareak (ETS) Ermua eta Eibarko Unibertsitatea geltokiaren arteko trenbide-saihesbide berriaren informazio-azterlana idazteko lana esleitu du.
Gaur egun, trenbide bakarreko tarteak eta elkarrengandik gertu dauden San Lorentzo eta Errotabarri geralekuek mugatu egiten dute linearen gaitasuna tarte horretan, eta eragina dute bai segurtasunean, bai trenbideak udalerrian duen integrazioan. Azterlanak Bilbo-Donostia lineako tarte hori nola hobetu aztertuko du.
Proiektuak bi kilometro inguruko trenbidea bikoiztea eta egungo bi geralekuak —San Lorentzo, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako trenbide-pasagunearekin, eta Errotabarri, oinezkoentzako pasagunearekin— geltoki berri, modernoago, seguruago eta irisgarriago bakar batez ordezkatzea aurreikusten du. Trenbidearen gaitasuna eta segurtasuna hobetzea da helburua, baita auzoen arteko lotura erraztea ere.
Ermuko alkate Beatriz Gámizek adierazi duenez, “urrats garrantzitsua da Ermuko inguru hau nabarmen eraldatu dezakeen jarduketa teknikoki zehazten hasteko. Ez da trenbide-azpiegitura hobetzea soilik; gaur egun mugikortasuna eta udalerriko hainbat guneren arteko lotura baldintzatzen dituzten bi puntu ere ezabatzea da helburua”.
Ermuko orografia zailak eta udalerriaren hiri-garapen altuak hainbat aukera aztertzea eskatzen dute, trenbidearen trazadura hobetzeko eta proposatutako soluzioek bideragarritasun teknikoa, operatiboa eta ingurumenekoa bermatzeko.
“Ermuarentzat, trenbidea herrigunean ondo txertatzea zerbitzua bera hobetzea bezain garrantzitsua da. Gure herriaren hirigintza orografia zailak eta dagoeneko finkatuta dauden eremuak zeharkatzen dituzten azpiegiturek baldintzatzen dute. Horregatik, aztertuko diren aukerek herritarrak nola mugitzen diren eta eremu horiek nola berreskuratu eta hobeto lotu ditzakegun kontuan hartzea ezinbestekoa da”, adierazi du Gámizek.
Azterlana idazteko lana Dair Ingenieros S.L. enpresari esleitu zaio, 560.016,10 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko epearekin. Besteak beste, azterketa geologiko eta geoteknikoak egingo dira, hainbat aukera zehaztu eta alderatuko dira, trenbidearen etorkizuneko funtzionamendua aztertuko da eta aldaketa horiek eragin diezaioketen zerbitzuak identifikatuko dira.
Oraingoz, azterketa-fasea baino ez da hasi; oraindik ez da behin betiko irtenbidea zehaztu, eta obrak ere ez dira hasi. Ermuko Udalak gertutik jarraituko du azterlanaren garapena, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta ETSrekin elkarlanean arituko da, udalerriaren beharrak eta interesak kontuan har daitezen eta aztertuko diren aukerek herritarren beharrei erantzun diezaieten, bereziki jarduketak zuzenean eragingo dien auzoetako bizilagunei.
“Orain hasiko den fase teknikoa erabakigarria izango da. Udaletik oso gertutik jarraituko dugu azterlanaren garapena, azken proiektuak trenbidearen beharrak ez ezik, Ermukoak eta zuzenean eragingo dien auzoetako bizilagunenak ere kontuan har ditzan nahi dugulako», amaitu du alkateak.
Lotutako albisteak
Ermuko Udalak datorren astelehenean, urriaren 19an, Antela tabernaren ondoko bidegurutzean hasiko ditu irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak
Parte-hartze saioak urriaren 7an eta 13an egingo dira, 17:00etan, Jubilatuen Etxean