Gaurtik igandera bitartean folk taldeen I. lehiaketa jokatuko
Gaurtik hasi eta igandera bitartean folk musika taldeen I. lehiaketa jokatuko da gure herrian. ‘Folkez Blai’ izenez ezagutzen den lehiaketa horri gaur arratsaldean emango zaio hasiera lehenengo bi taldeen emanaldiarekin. Lehiaketari amaiera emango zaio igande iluntzean, bosgarren eta seigarren taldearen emanaldiarekin. Biharko larunbateko bigarren emanaldi horren ondoren, Mercedes Peón kantariak ikuskizuna eskainiko du. Galiziarraren kantaldia gaueko hamaiketan hasiko da, Orde Kardinalaren plazan. Gaur egun Peón kantari eta musikaria etorkizun handiko artista bat da, munduko izenez ezagutzen den mugimenduaren barne. Horren adibide garbia da, kaleratutako lehen lanarekin, ‘Isué’ titulatutako diskoarekin lortu duen arrakasta. Lan horri esker, Europako diskorik onena aukeratu zuten 2000. urtean, Folkworld zerrenda kontutan hartuta.
Gaur hasiera emango zaion finalerako sei talde sailkatu dira. Taldeen artean bi asturiar eta beste bi galiziar daude, nafar bat eta, azkenik, Valladolideko beste bat. Finalean sartutako taldeek binaka zuzeneko emankizuna egingo dute gaurtik igandera bitartean, Orbe Kardinalaren plazan eskainiko dituzten kontzertuetan. Finalean sartu direnak ondokoak dira: Mielotxin (Nafarroa); Alvaro Costas & Hot Band (Pontevedra); Xera (Asturias); Xerfa (Pontevedra); A Gramalleira (Valladolid) eta Cádaba (Asturias). Zerrendatutakoetatik lehenengo biek gaurkoan joko dute, bigarrenak bihar eta azken biak igandean. Zuzeneko kontzertuak herriko plazan emango dira arratsaldeko seietatik gaueko bederatzietara bitartean. Talde bakoitzak hiru ordu laurdenetik orde betera izango du bere saioa eskaintzeko. Ondorengo ordu erdia, taldeen arteko errelebua egiteko eta instrumentuak aldatzeko erabiliko da.
Lehiaketari amaiera emango zaio igande iluntzeko emanaldien ondoren.
Lotutako albisteak
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu