58 amets bete dira gaur, BOE etxebizitzen zozketan

20.09.06
Hirigintza

Berrogeita hamazortzi ermuarrek bere ametsa eta etxebizitza izateko beharra bete dituzte gaurkoan, etxebizitzaren euskal zerbitzuak ‘Etxebide’k, beste horrenbeste etxebizitza esleitzeko eguerdian egindako zozketan. Javier Madrazo sailburuak adierazi duenez ‘esleipendunek etorkizun hurbilean dituzten proiektu pertsonal eta familiarrak konplitu ahal izango dituzte”. Zozketa udal kiroldegiko pista nagusian egin da. Zozketaren prozedurari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak erabili ohi duena jarraitu da, hau da informatika eta metodo tradizionala uztartuz. Esleipendunen izenak ateratzeko bi iturri erabili dira, batetik ordenadoretik ausaz ateratako zenbakia eta bestetik, zorro batetik ikusle batek ateratako bolatxoak adierazten zuen zuena. Zenbaki bi horien batuketak esleipendunaren izena ematen zuen, honek zerrendan zuenaren arabera. Azkenik, hirugarren eta azken bolatxo bat atera da beste zorro batetik, zerrendan aurrera saltoka jarraitzeko kadentzia ezarri duena.

Ezkerretik eskumara mahaian jarri dira Rafael Quintana, Txema Gonzalo, Carlos Totorika, Rafael Ortíz eta informatikariak
Ezkerretik eskumara mahaian jarri dira Rafael Quintana, Txema Gonzalo, Carlos Totorika, Rafael Ortíz eta informatikariak

Gaurko zozketan, ‘Amenabar’ enpresak orain Aldapa kalean eraikitzen ari diren etxebizitzak esleitu dira. Etxebizitzen erregimenari dagokionez, azalera-eskubideko salmenta izango da. Zozketan eskatzaileak bost taldetan banatu dira: minusbaliatuak, kide bakarreko familiak, lau urteko antzinatasuna duten eskatzaileak, 35 urte baino gazteagoak eta, azkenik, eskatzaile orokorrak. Zozketarako ‘Etxebide’k seiehun eta berrogeita bi lagun onartu ditu. Oraingoan zorterik izan ez dutenek, hurrengora arte itxaron beharko dute. Ekitaldian adierazi denez etxebizitza saila eta udala elkarlanean ari dira Lomi-power enpresa ohiaren orubean beste sustapen bat egiteko xedez. Javier Madrazo sailburuak esandakoaren arabera ‘lanean dihardugu operazio mistoa egin nahian, babes ofizialeko 40 etxebizitza eta beste 40 libre eraikitzeko”. Sailburuaren hitzetan ‘hobe zozketarik egin beharrik ez balego eta eskari osoari aurre egiteko gauza izango bagina. Tamalez, hori ezinezkoa denez, zozketak berdintasun-printzipioa eta gardentasuna ziurtatzen du”. Ermuko notarioa den Rafael Mª Ortízek, gaurko prozesuaren fede eman du. Zozketan esan den guztia zeinuen hizkuntzan adierazi du itzultzaile-interprete batek.

Kiroldegiaren ikuspegi orokorra zozketan
Kiroldegiaren ikuspegi orokorra zozketan

Esleipendun bakoitzari zein etxebizitza zehatz egokitzen zaion jakiteko bigarren zozketa bat egingo da etxebizitzaren Bizkaiko lurralde ordezkaritzan. Zozketa hori ere, notario baten aurrean eginen da. Etxebizitzen esleipen prozesuari amaiera emateko, jaurlaritzak kontutan hartuko ditu famili unitateen tamaina eta horretara egokituko pisuen azalera. Gaur behin-behineko esleipendun gisa hautatutako pertsonen eskutitz bana jasoko dute datozen egunotan. Eskutitza jaso eta hurrengo hamabost egunetan beren adostasuna edo etxebizitzari uko egiten dutela adierazi beharko diote Jaurlaritzari. Zozketaren behin-behineko emaitzak ikusgai daude jada, Udaletxeko iragarki-oholean eta ‘Etxebide’ren web-gunean.

Lotutako albisteak

Imagen
11.06.24
Betiondoko aparkaleku berria jada zabalik

148 plaza ditu, horietako bi minusbaliatuentzat. Jada ez dugu aparkatu bidearen erreian, zirkulazioa noranzko bikoitza berreskuratu duelako
Imagen
20.05.24
Zubiaurre eta Zerukoa arteko igogailu publikoa urteko azken hiruhilekorako prest egongo

Gaur hasi dira eraikitzeko lanak zuinketa-aktarekin eta obraren hasierarekin
Imagen
17.05.24
Lomi Power aparkalekuan behin behineko esleipendun izan direnen zerrenda

Zerrenda astearte honetan abonatu erregimeneko autoentzat egindako zozketa publikoaren emaitza da