Sonia Garciak irabazi du ‘2007ko Santixauetako’ kartel lehiaketa
Sonia Garcia Fuentes ermuarrak irabazi du aurtengo ‘Santixauetako’ kartel lehiaketa. Ermuar gazte honek lehen saria eskuratu du jaiez gozatzen dugun herritarrak ugari eta anitzak garela adieraziz, pertsonen hanka eta oinetakoak erabili dituelarik marrazkian ideia hori irudikatzeko. Irudian kirolerako zapatilak, takoidun zapatak eta baita lauak, abarketak, txankletak eta ortozik dabiltzan pertsonen oinak bildu ditu. Errepresentazio hori kartelaren lau ertzen inguruan jarri du, erdialdea Santixauetako leloa eta urtea jartzeko erabili duelarik egilea, fondo urdinaren gainean. Irabazleak sari moduan 600 € eskudirutan jasoko du. Lehiaketara hamalau lan aurkeztu dira, beste horrenbeste autoreenak. Lan irabazlea jai batzordeko kideek erabaki zuten atzo arratsaldean bertan, botaketa oso parekatua egonik eta Garcia gutxigatik gailenduz. Kartel hori herriko jai nagusiak eta bere egitaraua iragartzeko erabiliko da.
Sonia gaztea zorte oneko boladan dago, aurtengoan irabazten duen hirugarren lehiaketa baita eta, gainera, guztiak bere herrian bertan. Otsailean, martxoaren 8ko kartelaren saria jaso zuen, handik gutxira aurtengo Inauterietako kartel-lehiaketaren saria ere bereganatuz. Oraingo hau bere hirugarrena eta, momentuz behintzat, azkena da. Sonia Informazio Zientzietan lizentziaturik dago, publizitate atalean, eta herrian dugun errotulazio enpresako langilea da.
Web gune honetako kideek gaur goizean bertan irabazlearekin hitz egiteko parada izan dugu eta ‘atzo arratsaldetik, berria ezagutu zuenetik, oso pozik dagoela’ esan digu. Adierazi digunez, ‘urte askotan lehiaketetara aurkeztu naiz inolako emaitzarik lortu gabe eta, bat-batean, parte hartzeaz gain lehiaketen alderdi gozoa ezagutzen nago, sariena hain zuzen ere’.
Lotutako albisteak

Hamar taldek parte hartu eta joko dute maiatzaren 10ean, Orbe Kardinalaren eta Martxoak 8 plazetan eta kalean

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke