Euskara ikasteagatiko diru-laguntzen deialdia zabalik
Udal euskara zerbitzuak euskara ikasteagatiko dirulaguntzen deialdia zabalduko du astelehenean. Diru-laguntzok azken bi ikasturteetan euskaltegietan edo zentro homologatuetan euskara ikasten ibilitako ermuar helduentzat dira. Diruz lagunduko dira hiru ikastaro mota egin eta eskatzen dutenei: ohiko ikastaroetarako eta udako nahiz neguko barnetegietarako ikasleei. Nolanahi ere, edozelako laguntza mota eskatzeko eskabide eredua bakar eta bateratua izango da eta hori udaletxeko erregistroan aurkeztu ahal izango dira irailaren 21era arte. Interesdunek aurkeztu beharreko agiriak ondokoak dira: euskaltegi edo ikastegiak luzatutako ziurtagiria eta hurrengo ikasturterako matrikula ordaindu izanaren originala. Aurten ez da errolda-agiririk aurkeztu beharko, frogatze lan hori euskara zerbitzuko lankideek gain hartuko baitute. Euskara sailak aurtengo aurrekontuan 12.000 euro ditu diru-laguntzetan banatzeko. Diru-laguntza eskariak zinegotzi esku-ordeak ebatziko ditu, horretarako aurreikusi den gehienezko epea hiru hilabete direlarik.
Diru-laguntzak jaso nahi dituztenek ondoko baldintzak bete beharko dituzte: ermuko bizilagunak izan, azken bi ikasturtetan eskola orduen %90era joan izana eta eginiko ikastaroa gainditu edo horri aprobetxamendu a atera izatea; eta ikas prozesuari (zikloari) amaiera ematen ez bazaio horrekin aurrera jarraitzea. Udako barnegiak egin dituztenei 60,10 euro emango zaie eta ohiko ikastaroetako ikasleei, kasurik gehienetan, ordaindutako matrikularen %50a. Nolanahi ere, hainbat herritarrek matrikularen %75a eskatzeko aukera izanen dute, bakoitzaren egoera eta baldintza sozial, familia eta ekonomikoen arabera.
Lotutako albisteak

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago

Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan da

Maiatzaren 15etik 25era bitartean euskara gehiago eta gehiagotan erabiltzeko konpromisoa