Berdintasuna jomuga: konplexurik gabe eta kirola bide
Santixauetako egitarauan denetarik sartzen da. Egitarau hori herrian ditugun kezka guztien erakuslea eta isla da. Are gehiago, gure herriko pluraltasun eta kultur, gizarte eta kirol aberastasunaren erakusle; laburbilduz, herritarron benetako erakuslea. Esan beharrik ez dago, herriko jaietako egitaraua malgua dela, urtero jai-batzordean parte hartzen duten talde eta eragileen beharretara eta horiek egindako proposamenetara egokitzen baita. Lerro horien bidez ulertu behar dugu, aurtengo ediziorako programatu den jarduera berria. Estrainekoz egingo da eta jada hautsak han eta hemen harrotu ditu eta ikusmina sortu ere bai. Jarduera jaietarako prestatu den esku-pilotako kartela da. Santiago egunekoa, primerakoa da, oso bikote orekatuak dakartzana eta lau eta erdiko banakako txapeldun eta guzti; ez dago gehiago eskatzerik.
Hurrengo egunekoak ere zer esan ugari sortu du. Ikusmina nagusitu da. Arratsalde horretako jaialdiari binakako partida misto batekin emango zaio hasiera. Bai, hori da! Gizon eta emakumezko zaletuez osatutako bikoteak izango dira, nor baino nor lehian arituko direnak. Bikoteak ondorengo pertsonek osatuko dituzte: Itxaso Padrerak eta Altubek, Olatz (Gil) Orbegozo eta Delgadoren aurka. Lehenengoan lehengusuak dira eta Mallabitik etorriko zaizkigu. Bigarrenak, ermuarrak eta oso ezagunak dira. Iñaki Delgado sortu eta aurkeztu berri zen Berdintasunaren aldeko ‘Zipriztintzen’ taldeko kidea da, Olatz (Gil) Orbegozo, aldiz, herriko pilota elkarteko presidentea dugu, Ermuko Kirol elkartean. Horrez gain, epaile federatua era bada eta pilotazale amorratua. Partida herriko Orbe Kardinalaren plazako frontoian jokatuko da, arratsaldeko 5etan hasita. Partida hori bere horretan antolatzeko proposamena Emakumearen udal Kontseiluarena izan da eta berdintasuna bizitzako alor guztietara hedatzeko xedea du. Alor horien artean kirola dugu, tradizioz gizonezkoak aritu izan baikara kasurik gehienetan eta, are gehiago, esku-pilota bezalako kirolean.
Jaialdiari amaiera emateko, bigarren partida bat ere izango da. Horretan Amuategi-Atutxa eta Beitia-Lopez gizonezkoen bikoteak aurrez aurre izango dira.
Lotutako albisteak

Hamar taldek parte hartu eta joko dute maiatzaren 10ean, Orbe Kardinalaren eta Martxoak 8 plazetan eta kalean

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke