Udal liburutegiak bere zerbitzu-konpromisoak berritu eta idatziz ezagutarazi ditu
Udal liburutegiko zerbitzuak herritar eta erabiltzaileekiko dituen konpromisoak berritu ditu. Liburutegiko lankide taldeak bere zerbitzu-gutuna berraztertu eta zabaldu egin du aurten, proposamen berria idatziz jaso eta argitalpen elebidun baten bidez ezagutaraziz. Konpromiso horien formulazioan hainbat gauza jasotzen dira, besteak beste, zerbitzuko erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, parte hartzeko aukerak eta abar… Guztia argitalpen batean jaso da, zeina aste honetan zehar herriko etxe guztietara banatu izan den, ermuar guztiak horren berri izan dezaten. Argitalpenaren lehen orrian zerbitzuaren misioa agertzen da. Horretan esaten denez, udal liburutegia ezagutzaren eta kulturaren sorkuntzarekin eta zabalkundearekin konprometituta dagoen zerbitzu publikoa da eta, horrela, udaleko eskaintza kulturalaren efikazia eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen du, zerbitzuaren xede duen gizartearekiko lankidetzan.
Zerbitzu-gutuna definizioz idatziz zerrendatutako konpromisoen bilduma bat da, herritarrei ezagutarazten zaiena kudeatzen diren zerbitzuen eta horiek kudeatzeko hartu diren kalitate-konpromisoen berri emateko. Horretan zerbitzuko erabiltzaileek dituzten eskubide eta betebeharrak; pertsonei atenditzeko aurreikusi diren erraztasunak, eta horiek espero dezaketena jasotzen dira. Azken batean, zerbitzuak kalitatearen izenean gain hartzen dituen eta ezagutaraztera ematen dituen gutxieneko konpromisoak. Zerbitzu-gutuna pertsona bakoitzarekiko zerbitzu-kontratua izateaz gain, alde bien arteko komunikazio elementua ere bada.
Udalean egun bost zerbitzuk dute gutun-zerbitzua prest eta indarrean
Udal liburutegiak 2007an ezagutarazi zuen bere zerbitzu-gutuna. Konpromisoen arau horiek paperean argitaratu ordez, gure web-gune honen bidez eman ziren aditzera. Oraingo honetan, zerbitzuko lankide taldeak haratago joan nahi izan du eta, aurreneko gutuna berraztertu, horretan sakondu eta konpromisoak gehiagotu egin ditu. Horrez gain, oraindik are zabalkunde handiagoa lortu xedez zerbitzu-gutuna paperean inprimatzea eta etxez-etxe banatzea erabaki dute. Dena den, horren bertsio digitala ere izaten jarraituko dugu web gune honetan.
Zerbitzu-gutun berriaren nobedadeetariko batzuk zerbitzua bera emateko konpromisoetan daude. Zerbitzuak eskaintzeko jarri diren epeak eta xedeak, esaterako, birdefinitu dira, erabiltzaileentzat balioa erantsi asmoz. Hurrengo erronka hartutako konpromiso horien betetze maila bildu eta ezagutzera ematea izango da, horren berri web gune honetan bertan izango duzuelarik.
Lotutako albisteak
Saioa euskaraz izango da eta 17:30ean hasiko
Liburutegiak ospatzeko saio berezi bat antolatu du irakurketa tematikoko klub horretan
Liburutegiak antolatuta 2016 eta 2018 urteen artean jaiotako adingabeentzat