Ibilgailuen kea kutsagarri nagusia da, nahiz eta legerian ezarritako tarteen barne mantentzen den

24.03.09
Ingurumena

Ermuan arnasten dugun airearen kalitatea indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen tarteen barne dago eta ez ditu muga horiek gainditzen. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailak bidali berri duen emaitzetatik atera dezakegun ondorio nagusia da. Iazko udan Ermuan hartutako laginak eta egindako neurketen emaitza dira, udalbatzarrak aurreko asteko informazio batzordean ezagutu zituelarik. Herrian 2008ko uztailetik irailera bitartean herriko bi puntutan egindako neurketa horien emaitzen arabera “baloreak ez dituzte ezarritako balioak gainditzen” eta indarrean dugun legeriarekin bat daude. Airearen kalitateari buruzko Araudia ondorengo xedapen hauetan jasotzen da: urriaren 18ko 1073/2002 Errege-dekretuan, aire kalitatearen kudeaketa eta ebaluaketari buruzkoa eta abenduaren 26ko 1796/2003 Errege-dekretuan, airean dagoen ozonoari buruzkoa.

Nolanahi ere, muga legalak edo gehienezko baloreak gainditu ez arren, kontutan hartu beharreko kutsadura maila antzematen da.Esaterako, partikula finen edo kasuan bezala (hau da PM10= hamar mikra baino diametro txikiagoa duten eta airean esekita daudenak). Kutsagarri horien jatorri generikoa gure herrian, batez ere, motordun ibilgailuen trafikoa, industria eta etxebizitzatako jarduera (batez ere berogailuak) sortarazten dituzte. Eta jatorri horietatik eraginik handiena, batez ere, automobil, kamioi, eta motorren ke-isurketan dago, hau da, eguneroko trafikoan. Elementu kutsagarri horiei esposaturik egoteak jakina denez osasunarentzat hainbat kalte dakartza, besteak beste: asma prozesuak okerragotzea, arnas aparatuko arazoak larritzeak edota gaixotasun kardiobaskularren areagotzea.

Hortaz, analisiotan antzemandako baloreak gehienezko balioak gainditu ez arren, udal ingurumen sailak garraiatzeko eredua aldatzearen inguruko hausnarketa egitea garrantzitsutzat jo du, garraioaren eredua aldatuz gero, airean ditugun kutsagarrien maila jaitsiko litzatekeelako.

Airearen kalitateari buruzko azterketa, Toki Agenda21eko helburuetako bat

Airearen kalitatea neurtzeko ekimena, Ermuko Toki Agenda21eko jarduera planean jasotzen den helburua da. Agiri horretan, aire kalitatearen kontrola hobetzea eta emisioak gutxitzea izeneko lerro estrategikoa (L8) planteatzen da. Lerro hori garatzeko 8.1 atmosferaren inmisioak kontrolatzeko eta informatzeko udal programa garatu da, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailordetzari unitate mugikorra eskatuz, airea une zehatzetan kontrolatu eta neurtzeko.

Hori horrela, konpromiso hori betetze aldera udal ingurumen sailak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailari airearen kalitatea neurtzeko unitatea jartzeko eskaria luzatu zion. Ingurumen planifikazio, ebaluazio eta kontroleko teknikariek, bertara etorri eta analisi-denboraren eta kokapenaren irizpide teknikoak definitu zituzten, azterketari ekin aurretik.

Neurketak egin ahal izateko unitate mugikorra herrira ekarri zen eta lehenik San Pelaio auzoan eduki zen hilabetez. Unitate hori, kiroldegiaren aurrez-aurre jarri zen, parkearen amaieran, beirazko egituraren alboan, uztailaren 9tik abuztuaren 13ra bitartean. Jarraian, unitate hori Kaltxangora eraman eta aldatu zen, Torreta dorretxearen aurrean jarriz, 634 errepide nazionalaren ondoan, beste hilabetez, irailaren 12ra artean bertan mantenduz. Denbora horretan, aztertu eta neurtu izan diren substantzia kutsagarriak ondorengoan izan dira: NO2 (nitrogeno dioxidoa), NOx (nitrogeno oxidoak) O3 (Ozono troposferikoa), CO (karbono monoxidoa) PM10 (partikula esekiak SO2 (sufre dizoxidoa).

  • Artxiboko irudi honetan abuztuan Kaltxango aurreko plazatxoan jarrita egon zen unitate mugikorra

Lotutako albisteak

Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da
Imagen
21.03.25
Itzali argia. Planeta defendatu

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara
Imagen
13.03.25
Edukiontzi marroia txartel berriarekin edo App aplikazio batekin bakarrik ireki ahal izango

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko