Ume sahararrak udan herriko etxeetan hartzeko kanpaina zabalik
Saharar herriari laguntzeko plataformak eta udal honek kanpaina berri bati ekin diote udan Saharako umeak etxean hartzeko programarekin bat egin nahi dituzten familiei dei eginez. Ekimen bultzatzaileek idatzi bat kaleratu dute herriko familiei bat egin dezatela eskatuz. Idatzia informazio orri moduan bidali da etxeetara. Programa hori honetan datza, uztaila eta abuztuan zehar lurralde hartako ume bat etxean eta familian hartzea, horretarako egin beharrekoa gauza bakarra ‘etxekoa bailitzan tratatzeko eta zaintzeko konpromisoa’ adieraztea da.
Plataformak eta udalak beren esker ona adierazi diote Ermuko herriari aurtengoan elikagaiak biltzeko egindako laguntza deiak oso erantzun zabala eta ona jaso duelako. Oraingoan, berriro ere, Ermuar guztiengana jotzen dugu algeriar basamortuko lekurik babesgabeenean Tinduf horrenbeste sufritzen ari den herri horrekiko beste elkartasun adierazpen berri bat eskatzeko. Izena emateko edo argibide gehiago jaso nahi duten guztien, maiatzaren 8ra bitarteko epea dute, egun hori barne, azkena izango baita.
Programa honek dituen jomuga nagusiak bi dira. Batetik, gaztetxoak udan basamortuan izaten diren baldintza gogorrak jasan behar ez izatea, tenperatura 50gradura ailegatzen baita. Bestetik, guretzat ohikoak izan daitezkeen eta haiek liburuetan besterik ikusi ez dituzten gauza ugari zuzenean ezagutu ditzatela, kasurako ura, errekak, trenak eta abar. Esperientziaren nondik norakoak jakin nahi dituztenek bi aukera dituzte; udaleko 943 17 91 46 telefonora lanorduetan deitzea eta Tererekin hitz egitea edo, 699 11 19 64 telefonora edozein momentutan deitzea eta Juliorekin hitz egitea.
Lotutako albisteak

Saharar segizioak Udal Osoko Bilkuren Aretoa eta Edaal harrera-etxea bisitatu ditu

12 tona elikagai eta hamar mila euro bildu dituzte aurtengo erronkan

Elikagaiak martxoaren 24tik 28ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 29, Ermuan