Berbetan jardunaldiek aurten bere X. urteurrena beteko du
Euskararen inguruko gogoetak sustatzea helburu duen Berbetan jardunaldiek X. edizioa beteko dute aurten. Hamar urte hauetan herritarrek dituzten euskararen inguruko kezkak argitzen ahalegindu da; aurten ere Euskal Birusa Kultura elkarteak, Eskolabarri ikastetxeak, Anaitasuna ikastolak, Kaltxango AEK-k eta Udal euskaltegiak hiru hitzaldi edota mahai inguruz osatutako jardunaldiak antolatu dituzte.
Lehenengoa, aisialdiaren ingurukoa da eta Txatxilipurdi taldea izango da arlo honetan duen esperientziaren berri emateko ardura jaso duena. Honen bitartez aisialdia euskaraz egitearen garrantziaren zergatiak azalduko dituzte. Beraz, oso hitzaldi egokia da gurasoentzat zein aisialdi munduan aritzen diren hezitzaile, begirale, irakasle eta gainontzekoentzat. Hitzaldia hau Lobiano kulturgunean izango da maiatzaren 2an, arratsaldeko 17:30etan.
Bigarren hitzaldia, maiatzaren 12an izango da Juan Carlos Etxegoien "Xamar" ikerlariaren eskutik, euskararen historia gaia abiapuntutzat harturik. 2006an argitaratu zuen Euskara Jendea ikerlana du oinarri, eta Lobiano kulturgunean arratsaldeko 19:00etan emango duen hitzaldi honek gure hizkuntzaren izanari hurbiltzeko aukera emango digu.
Jardunaldiei amaiera emanez, Katixa Agirre idazleak umeen artean idazmena sustatzeko aholkuak emango dizkigu bertaratuko garenoi. Horretaz gain ipuin solteaz osatutako Habitat liburuaren aurkezpenaren berri ere emango digu. Azken hitzaldi hau maiatzaren 19an izango da Lobiano kulturgunean arratsaldeko 19:00etan.
Lotutako albisteak
Edozein herritarrek har dezake parte eta opariak zozketaz erabakiko dira
Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin