-Kubako emakumeak, iraultza Iraultzaren barruan-
Kubarekiko adiskidetasun eta lankidetzarako elkarteak, Kuba-Euskadik "Emakume kubatarrak, iraultza bat beste baten barruan" izeneko erakusketa ibiltaria ekarri dute Ermura. Erakusketa hori Teresa Murga eraikinaren sarreran jarrita dago eta bertan mantenduko da, ekainaren 7ko igandera artean. Erakusketa lanegunetan zabalik dago goizeko 9:30etatik iluntzeko 20:30etara bitartean etenik gabe, eta larunbata eta igandeetan goizez, 10etatik ordu 2etara eta, arratsaldez, 5etatik 8etara bitartean. Erakusketak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du.
Emakume kubatarrei buruzko zenbait datu
1959an iraultzak irabazi zuenez geroztik, Kubako sozialismoaren eraikuntzan berdintasunez parte hartzea exijitu dute emakume kubatarrek. Emakumezkoek funtsezko funtzioa izan dute, bai hasierako borrokan, bai ondorengo aldaketetan eta erabakietan ere. 1960ko abuztuaren 23an, Emakume Kubatarren Federazioa (FMC) sortu zen; horren helburua zen politikak eta programak sortzea, emakumezkoen berdintasuna guztiz betetzeko gizarteko esparru eta maila guztietan. Vilma Espín izan zuten buru, 2007an hil zen arte, eta gaur egun, 4 milioi afiliatu baino gehiago dira.
Kubako biztanleen ia erdiak emakumezkoak dira, eta legebiltzarreko kideen % 43, unibertsitatean graduatutakoen %65, langileen %46, herrialdeko langile teknikoen eta profesionalen %66, ikertzaile zientifikoen %48, eta lankidetzarako misio internazionalistetako pertsonen %52. Aurrerapen handiak egin ahal izan dira, borondate politikoa dagoelako emakumeek gizartean dagokien tokia guztiz eskura dezaten. Emakumeak mendekotasun- eta marjinazio-egoeran eduki zituzten oztopo kulturalak, ideologikoak, psikologikoak, ekonomikoak eta sozialak desagerrarazteko politika publikoei esker gertatu da hori.
Emakumeen eskubideen eta askatasunen alde Estatuak egindako lanean, nabarmentzeko modukoa da, batetik, irakaskuntza-maila guztietarako sarbidea denetzat berdina eta doakoa izatea, eta bestetik, osasun-zerbitzuak doakoak izatea, emakumeentzat berariazko osasun-programak edukitzea, eta sexu- eta ugalketa-eskubideak errespetatzea, horrela bereziki bermatu ahal izateko emakume kubatarrek erabateko askatasuna izango dutela beren gorputzarekin lotutako erabakiak hartzeko. Era berean, emakumeek herrialdeko eremu orotan eta bizitzako maila guztietan erabateko parte-hartzea izatea ere bultzatzen da; batez ere, erabakiak hartu behar diren postuetan. Kubako Iraultzaren lorpen handienetako izan da emakumezkoek herrialdeko bizitza ekonomikoan, politikoan, sozialean eta kulturalean parte hartzea, baina, halere, kultura patriarkaletik jasotako aurreiritzi eta estereotipo sexistak gainditzeko erronkari aurre egin behar dio oraindik. Eskolaren, komunikabideen eta komunitateetako federatuen bitartez, aldaketak bultzatzen dira subjektibotasunean, berdintasun-kultura are gehiago indartzeko.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean