Kontsumo Asteak, arduraz kontsumitzeko aholkua dakargu Ermura
Eusko Jaurlaritzaren Kontsumoko zuzendari Ana Collia andreak “Kontsumo Astea” kanpaina aurkeztu du gaur Ermuko Lobiano Kultur etxean, urriaren 9ra arte (ostirala) herritarrei kontsumo arduratsuari buruzko aholkuak eskainiko dizkiena. Aurkezpen horretan baita herriko alkatea, Carlos Totorika, Berdintasun, kontsumo eta osasun alorretako alkateaorde, Natividad Alonso eta udal Kontsumo Bulegoko arduraduna, Rosa María Arís, ere izan dira. Ana Collia zuzendariak kanpainaren helburuak adierazi ditu: “Helduak eta ikasleak prestatzea eta haien eskura informazioa jartzea dira kanpainaren helburuak, eta horretarako hainbat jarduera ludiko, didaktiko eta parte-hartzaile antolatu ditugu. Kontsumo Astea kanpainak hainbat jarraibide emango ditu premiaren eta apetaren arteko bereizketa egiteko, gastua premiara eta benetako ahalbideetara egokitzeko, edo publizitatearen eraginari buruzko gogoeta egiteko; gai horiek guztiak, azken batean, oso beharrezkoak direlako gaur egun”.
Herriko agintariak kanpaina ibiltari hori gauzatzeko EAEko hamabi herrien artean Ermua aukeratu izana eskertu du. Alkatearen ustez krisialdian nola erosi eta nola saltzeari buruzko hitzaldiak “oso aproposak” dira bizi dugun garairako. Halaber, kanpainaren barneko jarduera ludiko, hezitzaile eta didaktikoak ere egokitzat jo ditu, magia ikuskizuna tarteko, hilabetea diruz bukatzeko “ia magia egin behar dela” azpimarratuz.
Astelehenetik informazio-kanpaina egin da, Ermuko kale eta saltokietan. Gaur, berriz, “Kontsumo Lehiaketa” hasi da. Lehiaketa horretan eskola-taldeek eta elkarteek hartu ahal izango dute parte, eta 3 eta 4 lagunez osatutako taldeek lehian jardungo dute finalera iristeko, kontsumo arduratsuaren eremuarekin lotutako hitz-erronkei, galderei edo dinamikei aurre eginez. Eusko Jaurlaritzaren Kontsumoko zuzendariaren arabera, “jarduera hori probetxugarria da helduentzat nahiz ikasleentzat, horien hezkuntzarako osagarri aproposa baita”. Izan ere, Ana Collia andreak adierazi duenez, Kontsumo Asteak “beste prestakuntza-programa batzuk —hala nola “Kontsumo Gelak” edo “Kontsumo eskoletan”— osatzen ditu”. Ermuko hainbat ikastetxek eta elkartek parte hartuko dute jarduera horretan, gaurtik hasita datorren ostiralera bitarte.
Ostiralera arte, tailerrak, magia-ikuskizun bat, bideoforum bat eta hitzaldiak izango dira Lobianon
Gaur, 18:30ean, Lobiano Kultur etxean bideoforum bat emango da, jende guztiarentzat irekia. Ikusleek “Aupa Etxebeste” pelikula ikusi ahal izango dute, eta pelikularen ondoren eztabaida izango da.
Kontsumo Astean, halaber, bi hitzaldi emango dira. “Erostea krisi-garaian” titulupean, kontsumo arduratsuari eta gastuaren kontrolari —gaur egun hain beharrezkoa den gaiari— buruzko mezu argi bat helarazi nahi zaio jende helduari. Bihar, osteguna, emango da hitzaldia, 18:30etan. Ordu eta erdi beranduago, 20:00ean bigarren hitzaldia emango da. “Saltzea krisi-garaian” izenekoa, merkatarientzako hitzaldia izango denaa. Gremio horrek gaur egun bizi duen egoera hizpide hartuko du, eta baita kontsumoaren alorrean kolektibo horri eragiten dioten zenbait alderdi garrantzitsu ere.
Azkenik, “Hilabete bukaerara iristeko ia magia egin behar da!" magia-ikuskizunarekin, Asier Kidam magoak, bere trukuen bitartez, hilabete bukaerara iristeko jarraibide nagusiak erakutsiko ditu: gastuak aurreikustea, erosketa arduratsua, kreditu-txartelez edo Interneten bitartez ordaintzea eta abar. Ostiralean izango da, 18:30ean.
“Kontsumo Astea” kanpaina Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak antolatzen du, eta joan den astean hasi zen, Gasteizen. Ermura Zumarragatik datorkigu, ondoren Lekeitio eta Gernikara abiatuko delarik. Abendura arte Euskal Autonomia Erkidegoko 12 udalerritan egongo da guztira.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua