'Berbalagun' egitasmoaren zortzigarren edizioa datorren astean aurkeztuko da
Aurten Berbalagun VIII. edizioa beteko da. Euskara praktikan jartzea helburu duen egitasmo honek aste honetan matrikulazioa zabalduko du. Iaz bederatzi taldetan banaturik 60 lagun aritu ziren astean behingo ordubeteko hitzorduan batzen eta euren euskara hobetzen. Egitasmo hau, berez, egonkortu egin dela esan daiteke, urtez urte parte-hartzaileen kopurua mantendu eta berritu egiten delako. Herrian ezaguna da eta harrera ona izaten du, programa erakargarria osatzen baita. Horretarako, parte-hartzaileek ekintza multzoa proposatzen dute eta proiektuaren koordinatzaileak denak batu eta "menu" oso bat prestatzen du. Iaz, esaterako, era guztietako ikastaroak antolatu ziren (dekorazioa, sabel dantza, ile-apaintza, eskulanak, masajeak...), baita irteerak eta egun bateko ekintza ugari ere.
Berbalagunen izena emateko euskaraz aritzeko gogoa besterik ez da behar, programa bera doakoa da eta. Informazioa jasotzea eta izena ematea, udalerriko euskaltegi bietan (Udal euskaltegian zein Kaltxango AEK) zein Euskara Sailean edota Euskal Birusan egin daiteke.
Honen berri irudiz jaso nahi izanez gero antolatzaileek urriaren 15ean (osteguna), arratsaldeko 19:30etan Lobiano kulturgunean egingo den aurkezpenerako gonbitea luzatzen dute, bertan programa honen zertzelada guztiak azaltzeaz gain, iazko ekintzetako argazkiak ere ikusteko aukera izango baita.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik