Kanta ikastaroa Amaia Zubiariarekin
Amaia Zubiria kantariak tailerra emango du Ermuan. Kantu tailer horrek hiru egun eta sei orduko iraupena izango du. Tailerra Euskal Birusa elkarteak antolatu du eta urriaren 19 eta 26ko astelehenetan eta azaroaren 2koan gauzatuko da Lobiano Kulturgunean, arratsaldeko 7etatik gaueko 9etara bitartean. Ikastaroaren ardatza kantuaren hastapena izango da, eta horren barne arnasketa, kantuen letren memorizazioa, ahoskera eta beste hainbat teknika eta aspektu landuko dira. Kantatzea atsegin eta gustuko izatea da tailer honetan parte hartzeko baldintza bakarra. Izen-emateak hasita daude eta Euskal Birusaren egoitzan egin daitezke (Elexosten, 943 03 04 65 telefonoan) eta baita ere Lobiano Kulturgunean bertan. Euskal Biruseko bazkideek 3 euro ordainduko dute eta gainerakoek 5 euro.
Amaia Zubiria euskal kantagintzako sentikortasunik handieneko ahotsaren jabe da. Magia handiarekin nahasten du kantuaren sentimendua kantatzearen plazerarekin, eta entzuleak, azkenean, ahotsaren lilurak harrapaturik, haren uhinen menpera gelditu baino ezin du egin. Kaleratu duen azken diskoa ‘Nabil’ titulua darama. Disko berri honek, iturri zaharrari darion ur beti berri eta freskoaren modura, errepertorio klasikoari helduko dio, bereziki Iparraldeko tradizioa ekarriz , amini bat hegoaldetik, hala nola historikoak izan diren bi emakume kantariren kantu zoragarri pare bat ere (Lurdes Iriondoren Hala ere eta Estitxuren Ave Mria ezagunak).
Kantu tailerraren hirugarren edizio izango da hau, lehendabizikoan Mikel Markez etorri zen eta orain dela urte erdi Xabier Amuriza. Izen-ematea irekia da eta oraindik lekuak daude. Anima zaitezte. Lobiano kulturgunean apuntatu zaitezkete edota Elexosteko telefono honetan, 943 03 04 65.
Lotutako albisteak

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita

Gogobetetze-inkestek parte-hartzaileen eta familien gustua islatzen dute. Gazteria Sailak datorren edizioan plazak gehitzeko lan egingo du