Ermuan dugu jada euskarazko produktuen katalogo berria

02.12.09
Euskara

Ermuan badugu jada Euskarazko Produktuen katalogo berria, bai paperean eta baita ere euskarri digitalean amaraunean. Katalogoak ehunka produktu dakartza haur eta gazteentzako. Datozen egunotan 2.000 ale banatuko dira gure herrian.Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez —aurtengoa Ermuan egitasmo honi gehitzen zaion 3. edizioa da—, Euskal Herriko 135 udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Euskal Herriko hainbat lurraldetako teknikariak elkarlanean aritzen dira katalogoa prestatzeko, eta, alde horretatik, garrantzi berezia dauka egitasmoak.

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek

Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.

Aurtengo berrikuntza, nolanahi ere, sarekoa da. Izan ere, guztiz berrituta dator www.katalogoa.org webgunea. Bertan, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, produktu horien saltokietara iristeko, eta bertatik erosteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratuta izateko helburuarekin sortu da gunea, argitaletxeek berek aukera izango baitute produktu berriak sartzeko eta deskatalogatuak kentzeko. Urte osoan zehar kontsultatu ahal izateko leku bat izango da, beraz, eta irakurleek, beren iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.

Paperezko edizioari dagokionez, aurten 240.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan.

Lotutako albisteak

Imagen
12.11.25
Olaia Inziartek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Ermua Antzokian

‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Imagen
05.11.25
Dena prest XXXV. San Martin azokarako

Aurtengoa animaliarik gabeko edizioa izango da
Imagen
03.11.25
Gabon Negulekuetarako izen-emateak asteazkenean zabalduko dira

Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko