Sahararen aldeko euskal karabanaren elkartasun ekimen berria martxan
Mendebaldeko Saharar herriarekin elkartasunerako plataformak herrian elikagaiak biltzeko kanpaina berriari ekin dio , bildutako guztia Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko asmoz. Herriko plataformak urtarrilaren 31ra bitartean oinarrizko elikagaiak bilduko ditu, Zubiaurre kaleko 20 etxabeko lokalean (denboraren bankuak erabiltzen duen horretan). Kanpaina hau ‘Mendebaldeko Sahararen aldeko euskal karabana ‘piztu itxaropena’ izeneko ekimenaren barne dago. Ekimenaren xedea bildutakoa Tindufeko (Aljeriaren hego-mendebaldeko lurraldean) errefuxiatuta daudenei bidaltzea da, haiek jasaten ari diren elikagai urritasun eta eskasiari aurre egiteko, azken boladan gabezia eta urritasuna oso gogorra pairatzen ari baitira. Kanpainaren berri emateko eta herriari elkartasun deia luzatzeko, informazio oharra , jarri da herriko etxebizitzetako atari guztietan. Halaber, ekimena herriko ikastetxeen bitartez ere bideratu da, zentroek ere laguntza jaso dutelarik abenduan zehar.
Produktu gomendagarrienak: hegaluzea eta sardinak oliotan (latak), azukrea, dilistak, makarroi eta espagetiak, arroza eta konpresak
Horiek horrela, taldeko kide boluntarioek datorren urtarrilaren 31ra bitartean, hegaluzea eta sardinak oliotan (latak), azukrea, dilistak, makarroi edo espagetiak, arroza, eta konpresak edo norberaren higienerako beste produktuak jasoko dituzte, aipatutako Zubiaurre kaleko lokalean. Produktuok goiz nahiz arratsaldez entregatu ahal izango dira, taldeak ezarri duen ordutegia ondokoa izanik: astelehenetik larunbatera goizez 10:30etatik 12:30etara eta arratsaldez 18:00etatik 20:00etara.
Saharar Ilargi Erdi Gorriaren Presidenteak nazioarteko erakundeek bidaltzen dituzten elikagaiak gero eta gutxiago direla eta jaisten jarraitzen dutela salatu du beste behin. Elikagai kopuruaren beherakada honek ondorio latzak ekarriko ditu errefuxiatuen osasunean, bereziki bost urtetik beherako haurrentzat, emakume haurdunentzat eta haurrei bularra ematen dieten emakumeentzat eta anemia eta desnutrizio izugarria jasaten ari diren herritarrentzat.
Aurtengoan ere ahalegin handiagoa egiteko eta elkartasuna mantentzeko eskaria egiten digute.
Lotutako albisteak

Saharar segizioak Udal Osoko Bilkuren Aretoa eta Edaal harrera-etxea bisitatu ditu

12 tona elikagai eta hamar mila euro bildu dituzte aurtengo erronkan

Elikagaiak martxoaren 24tik 28ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 29, Ermuan