Athletic eta Paraguayren arteko partidarako sarrerak saltzen hasi Ermua F.T
Athletic eta Paraguayko selekzioak martxoaren 3an jokatuko duten partidarako sarrerak saltzen hasiko da gaur Ermua F.T.ak. Partida hori datorren asteazken arratsaldean San Mamesen jokatuko da, oraindik zehazteke dagoen ordu batean. Herriko futbol taldeak sarrerak bost lekutan eskainiko ditu gaur arratsaldetik bertatik: Teodoro Zuazua futbol-zelaiko tabernan bertan, Outomuro kafetegian, Titanic tabernan, Haningans Irish Tavernen eta Herga Kafetegian. Sarrerek ondoko preziotan eskainiko dira: 12 euro helduentzat eta 7 euro 14 urtetik beheragoko gazteentzat.
Partida horrekin dirua bildu nahi da Bizkaiko futbol baseko ekipoei laguntzeko eta horien guztien artean banatzeko. Hori horrela, takilan biltzen den diruaren zati bat Bizkaiko talde federatuei banatuko zaie eta taldeok sarrerak zuzenean eskaini eta saldu ahal izango dituztelarik. Bizkaian federaturik dauden futbol taldeen finantzazioari laguntzeko xedez, Gabonetan Euskadiko selekzioak jokatzen zuen partidan bildutakotik bideratzen zen, baina azken bi urteetan partida hori jokatu ez denez, lurraldeko taldeek ekonomikoki kinka larrian aurkitzen dira.
Hori horrela eta taldeei laguntzeko xedez, Athleticek Paraguayko selekzioarekin neurtzeko partida antolatzea erabaki du. Paraguay 2010 honetan Sudafrikan jokatuko den Mundialerako sailkaturik dago. Partida horren bidez biltzen den diru guztia, Bizkaian federaturik ditugun 160 taldeen artean hainbanatuko da, antolakuntza gastuak deskontatu eta gero. Antolakuntzari dagokion atala telebistako eskubideengatik eta klubak konpromisoetarako gordetzen dituen sarrerengatik biltzen denarekin betetzea espero delarik.
Ermua F.Tak bazkide nahiz gainerako zaletuei asteazkenean San Mamesera joateko eta kirol-jai honetaz gozatzeko eskaria luzatu digu ermuarroi, bertaratuz gero, herriko taldeari ere lagunduko baitiogu.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da